Sebastian Kienle eta Sara Perez garaile 35. Zarauzko Triatloian

Andrea Zipitria eta Intza Trula 2023ko eka. 10a, 19:29

Getariako Malkorbe hondartzatik abiatuta, 14:00etatik aurrera kirol giroa izan da nagusi Zarautzen eta inguruetan.

Gaur, larunbata, Zarauzko Triatloiaren 35. edizioa izan da. 14:00etan hasi da proba, Getariako Malkorbe hondartzan. Emakumezkoak irten dira lehenengo, eta 14:10etan, gizonezkoen txanda izan da. 2,9 kilometro egin dituzte igeri Getariako Malkorbe hondartzatik Zarauzko hondartzaraino. Jarraian, 81 kilometroko ibilbidea egin dute bizikletaz triatletek, eta azken proba izan da korrika 20 kilometro egitearena. Lege Zaharren Enparantzan helmugaratu dira.

Sebastian Kienle izan da lehena helmugara iristen (3:49:47). Emakumezkoen kategorian, aldiz, Sara Perez nagusitu da (4:22:54). Perez helmugara iritsi bezain laster Gurutze Gorrikoek artatu behar izan dute.

Kevin Viñuelak bigarren egin du gizonezkoen kategorian (3:54:23), eta Pello Osoro hirugarren (3:56:30). Helene Alberdik bigarren postua eskuratu du emakumeetan (4:25:05), eta Anna Noguera, aldiz, hirugarrena (4:26:51). Dena den, antolatzaileen arabera, sailkapen hori ez da behin betikoa.