Elea Boa, Ganix Illarramendiren amets berria

Aritz Mutiozabal 2023ko eka. 10a, 11:30

Gaur egun Kalifornian (AEB) bizi den musikari zarauztarrak bere bakarkako proiektuaren lehen abestia aurkeztu du plataforma digitaletan.

Mantisa musika taldean ezagutzera eman zen Ganix Illarramendi gitarrista zarauztarrak bakarkako proiektuari bide eman dio, Elea Boa izenez. Londreseko egonaldian beste zenbait proiektutan –Twin Jackal taldean, esaterako– aritu ondoren, orain bere bideari ekin dio bizileku berrian, Kalifornian (AEB), eta lehenengo emaitza kaleratu du.

Amesten da bere aurrerapen abestia, atzo goizean euskarri digitaletan estreinatu zuena, baita bideoklip ofiziala ere. "2022ko martxoan Londres atzean utzi eta Los Angelesera joateko maletak egitea tokatu zitzaidan. Bertigoa eta beldur guztiak gainditzeko edo, Amesten izeneko abestia idatzi nuen", azaldu du musikariak bere facebook kontuan.

Illarramendik Alex Lemire Pasternaken laguntzaz grabatu du, eta Iñigo Azkue taldekide ohia ondoan izan du proiektu honetan. Jimena La Motta artistak egin dio azala eta arte lanak, eta bideokliparen zuzendaritzaz eta grabazioaz Leire Ventas arduratu da.