35. Zarauzko Triatloia bideoan

Urtzi Oteiza-Andrea Zipitria 2023ko eka. 11a, 12:00

Zarauzko Triatloiaren 35. edizioa jokatu zen atzo, eta UKTk bideoz jaso du kirol proba. Helene Alberdi eta Pello Osororen adierazpenak ere badaude ikus-entzunezkoan. Bigarren eta hirugarren postuan amaitu zuten triatloia, hurrenez hurren.

Zeruari begira esnatu ziren atzokoan triatletak. Izan ere, iragarpenak eguraldi sargoria egingo zuela zioen, eta halaxe izan zen. Beroa nagusitu zen proba guztian zehar, eta horrek eragina izan zuen parte-hartzaileen denboran.

14:00etan puntuan atera ziren emakumeak Getariako Malkorbe hondartzatik, eta 10 minutu beranduago gizonezkoak. 33 minutu pasatxo iritsi ziren lehen emakumezkoak Zarauzko hondartzako pasealekura. Hain zuzen ere, Kataluniatik iritsitako Sara Perez izan zen lehena uretatik ateratzen, eta haren atzetik egin zuen Helene Alberdi zumaiarrak. Hirugarren postuan, lehenari bost minutuko tartea aterata, Anna Noguera izan zen.

Gizonezkoen kasuan, Eneko Llanosek eta Sebastian Kienlek, hurrenkera horretan bukatu zuten igeriko lehen proba. Zarauztarren artean, berriz, urertzera iritsi zen lehena Iñigo Eizagirre izan zen. Iosu Iribar getariarra ez zen urruti ibili.

Guztien mesede, aurreko urtean baino gutxiago egin behar izan zuten igeri atzokoan, itsasbehera baitzegoen.

Bizikletan ez zen aldaketa handirik izan; probarik erabakigarriena korrikako proba izan zen gizonezkoen kasuan. Sebastian Kienlek aurre hartu zion Eneko Llanosi, eta alemaniarra izan zen Lege Zaharren Enparantzan ezarrita zegoen helmuga pasatzen lehena. Podiumeko hirugarren postua, etxetik gertu geratu zen, Pello Osorok eskuratu baitzuen. Pasa den urtean bosgarren amaitu zuen Zarauzko Triatloia, eta podiumean sartzea lortuta, gustura agertu zen eibartarra. Gainera, bera izan zen helmugaratu zen lehen euskalduna.

Emakumeen kategorian, aldaketarik ez zen izan proba guztian zehar, eta hasiera bateko segidan iritsi ziren helmugara. Hau da, Sara Perez; Helene Alberdi eta Anna Noguera izan zen ordena. Perez helmugara iritsi bezain laster Gurutze Gorrikoek artatu behar izan zuten, bero-kolpeak jota. Alberdik komunikabide honi adierazi zionez, pena puntu batekin geratu da; pasa den urtean garaipena lortu zuen Zarauzko Triatloian, eta aurten bigarren egin du.