Udal eta foru hauteskundeak 2023

Xabier Txurrukak hunkituta hartu du hirugarrenez aginte makila

Aritz Mutiozabal 2023ko eka. 17a, 12:00

Udalbatza berria eratu dute gaur goizean, eta ezustekorik ez da izan: PSE-EEko bi ordezkariek zuriz bozkatu dutenez, hautagai jeltzaleari eman diote alkatetzarako bidea.

Goizean goiz deituta zegoen udalbatza berria osatzeko bilkura, eta herriko hedabideez gain, euskal komunikabide orokorrak ere bertan ziren ustezko ezusteko bat egongo zelakoan. Astean zehar, ordea, PSE-EEren idazkaritzak argi utzi zuen EAJk eta alderdi sozialista akordioa itxi zutela, orain arteko bideari jarraipena emateko. Horrek argi eta garbi uzten zuen haizeak nondik joko zuen gaurko kargu hartze saioan, eta, hala izan da: hirugarrenez, Xabier Txurruka aukeratu dute Zarauzko alkate izateko.

Idazkariak xehatu ditu eguneko protokolozko ekitaldia, eta bide eman die Adineko Mahaia osatu duten Gervasio Gabirondo (EAJ) eta Inaxio Illarramendi (PSE-EE) zinegotzi berriei, udalbatza berriko kide helduenari eta gazteenari. Udalbatza berria osatuta, Xabier Txurrukak eta Itziar Muruak beraien burua aurkeztu dute alkatetzarako –Gloria Vazquezek albo batera geratzea erabaki du–, eta EAJ alderdiaren hamar botorekin nagusitu da Txurruka. EH Bilduko bederatzi zinegotziek beren hautagai Itziar Muruari, baina PSE-EEren bi ordezkarien boto zuriek Txurruka berretsi dute agintean.

Gervasio Gabirondoren eskutik jaso du honek aginte makila hirugarren aldiz. Besarkada beroa eman dio alderdikideari, eta bakarka geratu denean, musua eta makila zerurantz luzatu ditu, gertukoak oroituz. Guztiz hunkituta agertu da, bertaratu direnen eta zinegotzien txalo zaparrada artean. Emozioak luze iraun du, izan ere, une gogoangarria Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakari  Joakin Landarekin partekatu nahi izan du, eta elkarri besarkada sentitua eman diote.

Ondoren, hitzartzeak etorri dira. “EAJren eta PSE-EEren arteko gobernagarritasun akordioa ezberdinen arteko ituna da, eta gure herriko bizi kalitatea hobetzen eta aurrerabidean jarraitzeko, negoziatzera eta adostasunak bilatzera behartzen gaitu”, zehaztu du alkateak. Gloria Vazquezek nabarmendu du orain arte  udalean egindako lanak emaitza onak eman dituela, eta lanean jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi du. Itziar Muruak, bere aldetik, gustura agertu da EH Bilduk zinegotzi bat gehiago izango duelako agintaldi berrian, baina Gobernu berriari elkarlanerako eta elkar komunikazioarako bideak errazteko eskatu dizkio.

Behin Udalbatza osatuta, alkateak adierazi du datozen asteetan Udal Gobernuaren antolaketa politikoa eta arduren banaketa egiteko unea izango dela.