GUTUNA

Iraindu naute

Aritz Labiano Zezeaga 2023ko eka. 21a, 11:05

Salbatore Mitxelena ikastola. (Zarauzko Hitza)

Duela aste eta erdi Urola Kostako Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak hezkuntza lege proiektuari buruz duen iritzia emateko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiari erantzuteko gutuna helarazi dio Zarauzko Hitzari Aritz Labiano Zezeaga Salbatore Mitxelena ikastolako gurasoak.

Zarauzko Ikastolako guraso bat naiz eta horrela sentitzen naiz, iraindua. "Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro" plataformako kide batek Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldia iritsi berri zait WhatsApp bidez. Ia 15 minutuko agerraldia hezkuntza lege proiektuari ekarpena egiteko dela dio hitza ematen dionak.

Aurkezpenak egin eta alabaren galdera bat jartzen du mahai gainean: "Zergatik doaz nire lagun batzuk Ikastolara edo La Sallera?" Hemendik aurrera, galdera horri erantzuna bilatzen hasi eta Ikastola Elkarteari buruz, eta bide batez bere komunitateko kide garenoi buruz esaten dituenak erabat harritua utzi naute. Irakurtzen duen testua oso landua dagoela zalantzarik ez dago. Horrek harritu nau gehien. Irakurgaia ongi prestatua egonik, bertan aipatzen direnak ez dira kasualitatearen emaitza, are gutxiago irakurketaren tonu ironiko-erasokorra.

Banan-banan joango naiz bertan jasotzen diren puntu nagusiak aipatzen eta haiei buruz dudan iritzia ematen. Harriduratik arituko naiz. Inoiz ez irainetik edota erasotik. Badakidalako, elkartzen gaituena gehiago dela banatzen gaituena baino. Eta agian, agerraldi honekin norbaitek kontraeraso moduko bat bilatu badu, ez naiz ni izango joko horretan eroriko dena.

Ikastetxea aukeratzean egon daitezken arrazoiak aipatzen hasten denean, nazio ikuspegia ez omen da bereizgarri bat. Arrazoi horrek ez omen du balio. Beraiek ere ba omen dituzte beste administrazioetako ikasleak "lagun". Nazio ikuspegia oso kontu serioa da eta bere definizioa horrela bihurritzea oso arriskutsua dela iruditzen zait. Euskal hezkuntzari dagokionez, Ikastolen Elkartea baita Euskal Herrian egitura nazionala duen erakunde bakarra. Proiektu nazionala duena. Euskal Herritik Euskal Herriarentzat lan egiten duena. Euskararen Herrian euskara erasotuen dagoen eremuetan ere lan egiten duena, izan Nafarroan edota Zuberoan. Eta Zarauztik, Oriotik edota gure lurraldeko edozein txokotatik eremu horietan lan egiten duten ikastolak lagundu eta babesten ditugu. Elkarrekin lan egiten dugu.

Gurasook gure seme alabak eskola publikoan ez matrikulatzearen arrazoiak bilatzeari ekiten dionean, harrigarria da –zuzenean aipatzen ez badu ere– bertan jartzen dituen adibideak ikastolari buruzkoak direla:

  • Publizitatea aipatzen du, "bideoak, kartelak, poltsak, bizikletako maillotak, denak balio du!". Ahaztu egiten zaio Orokietak ere bitarteko horiek erabili dituela matrikulazio kanpainetan? Zein da arazoa? Ikastetxe guztietako kartelak ikusten ditut nik ate irekien eta bilera informatiboen deialdiekin. Ikastolako guraso talde batek bizikletan ibiltzeko ekipamendua atera zuen, bai. Zur eta lur utzi nau hau ere aipatu beharrak.
  • Azpiegiturekin sartzen da ondoren. "Dena zuria, minimalista, egurra han eta hemen..." Dirutzak gastatzen omen ditugu. "Auskalo zenbat zero". Diru asko lortzen omen dugu "auzolanetik, enpresa higiezinetatik, banketxeetatik eta borondatezko kuotetatik" eta hemen ere gingatxoa "ez barkatu, ekarpenetatik". Zein arazo dute ikastolako gurasook adosten dugun ekarpen ekonomikoarekin? Helburu pedagogiko batzuk lortzeko gure instalakuntzetan berrikuntzak egiteak ere haserretzen dituela dirudi. Dioen moduan, beraien azpiegiturak "zaurgarriak" izatearen errudun izango bagina bezala.
  • Zerbitzu eskaintzaz berriz, dena omen da dibertigarria eta aukeraz betea. Zer gutxiago ezta? Hori da gure seme alabentzat nahi duguna. Zilegi da ezta? Ala baimena eskatu behar diegu?
  • Hau guztiaren ondoren, jangela zerbitzuari buruz ere badute zer esan. Kilometro zeroko elikagaiak, "bertako kuiatxoak" etab. Gure seme alabentzat onena nahi izatea bekatua ote da?. Bertako produktuan sinistea eta bide batez jasangarritasunean urratsak ematea da gure proiektuaren helburutako bat. Beraiek ezin omen dute. Pena da. Baina gu horren errudun garela dirudi puntu horretan erabiltzen den tonua kontutan hartzen badugu.

Argudioekin bukatzeko irakasleen gaia jorratzen du. Beste ikastetxeetan irakasleak guk aukeratzen ditugula dio eta gustuko ez baditugu "aio Pelaio!" esaten omen diegu. Beraiek berriz "patatekin jan behar dituzte" eta eskola publikoan sinisten ez duten langileak omen dituzte. "Ez dago eskubiderik. Gure artean ditugu eta gure kontra egiten dute". Kontu hori eskola publikoaren defendatzaile sutsuei askotan entzun diet. Nola ote den posible hezkuntza publikoan lanean egon eta seme-alabak beste ikastetxe batean matrikulatzea. Funtzio publikoan lan egiteko eskubidea ukatu nahi diete beren haurrak publikoan ez dituztenei? Oposizio prozesuetan parte hartzeko eskubidea ukatzea eskatzen ari dira? Puntu hau esaldi zorrotz batekin amaitzen du. "Ezin dugu horrela lan egin. Funtzio publikoko langileek, erakundearen mesedetan jardun behar dute. Eta bestela, agur Benhur!" Lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak gaudela dirudi. Denok ordaintzen ditugu zergak. Denok dugu eskubidea erakunde publikoetan lan egiteko eta gure seme alabak nahi dugun ikastetxean matrikulatzeko. Haurrak publikoan ez matrikulatzea "kontra egitea" dela pentsatzea izugarria da. Agerraldiaren zati honetan gaindiezinak diren marra gorriak ere zeharkatu dituztela iruditzen zait.

Bukaeran aipatzen du ikastetxeetan titulartasun desberdinak egoteak gure herrietan kohesioa apurtzen duela. Irakurketa honetan erabili den tonu erasokor eta iraingarria kontutan hartzen badugu, zein ari da bere mezuekin herriaren kohesioa apurtzen? Besteek egiten dutenari begira, burutzen ari diren lana kritikatzen eta erasotzen, ez diote batere mesederik egiten kohesioari.

Bakoitzak berea defendatzea eta bere aldarrikapenak lau haizetara zabaltzea erabat zilegizkoa da. Besteok irainduz egiteak, ordea, norberaren aldarrikapena desitxuratzea dakar. Agerraldi honetan eskola publikoaz harro daudela adierazi beharrean eta beraien proiektua goraipatu eta dituen onurak aipatu beharrean, gabezia guztiak azalarazi dituzte, arazo guztien atzean beste ikastetxeak egongo bagina bezala. Eta batez ere, adibideak kontutan hartuz, badirudi Ikastola dela beraien buru hauste nagusiena. Iraindua sentitu naiz, baina zubiak eraikitzeko garaia dela iruditzen zait eta nik honen alde egingo dut. Guztiok lekua izango dugun euskal hezkuntza sistema propio baten alde, Euskal Herri osorako izango dena.