Sanpelaioak 2023

"Herritar askorekin oroituko naiz makila jasotzean"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 23a, 09:00

Aurtengo San Pelaio Makila jsoko duen Josu Txapartegi 'Txapas', sanpelaioteako zapiarekin. (Jabi Gonzalez Toston)

Aitortza berezia jasoko du Josu Txapartegi Txapas-ek (Zarautz, 1946) igande gauean. Sanpelaioetako Danborradako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote urte luzez herrian egindako lana aitortzeko.

Aitortza berezia jasoko duzu igandean. Nola hartu duzu?

Duela hilabete jakinarazi zidan danborradako kide batek nigan pentsatu zutela eta erantzun nion ez nuela uste inongo meriturik egin nuenik horretarako. Gainera, ez didate ezer askorik esan zergatik hautatu nauten azaltzeko. Zerbait orokorra izan da, taldean erabakitakoa.

Hala ere, ilusiorik egingo dizu, ezta?

Izugarria. Batez ere, herritarrak direlako aitortza egiten dutenak. Azken egunotan makilak besterik ez dira ikusi han eta hemen, erakundeetako kargu jabetze ekitaldietan, baina hau bestelakoa da. Esan bezala, herritarrak dira zuzenean makila ematen dutenak eta horrek eragiten dit pozik handiena; izan ere, herrigintzak garrantzia handia du niretzat. 

Baduzu lotura berezirik sanpelaioteako danborradarekin?

Ez. Irten izan naiz Arrano elkarteko konpainiarekin, baina ez naiz bereziki inplikatu festan.

Hala eta guztiz ere, festa ospatzeko ohitura izango duzu, ezta? Nola egiten duzu?

Bestelako tradizioak ditugu guk, ez gara parranda zaleak. Lagun artean egoten gara gustura. Nik, adibidez, bi abesbatza zuzentzen ditut eta horrek eragiten dit pozik handiena, jendea elkartzeak, elkarrekin kantatzeak eta denok batera bazkaltzeak. Ahal dudan neurrian han eta hemen laguntzeak betetzen nau gehien. Horregatik jarraitzen dut egunero ikastolara joaten haurrekin abesteko eta Garagunera ere joaten naiz astean behin disfuntzioren bat dutenekin abestera.

Musikari erabat lotuta, beraz.

Txiki-txikitatik, gainera. 9 urterekin komentuan sartu nintzenerako banekien solfeatzen Don Fernandok irakatsita eta komentuan pianoa eta beste hainbat musika trensa jotzen ikasi nuen. Gaur egun, Getariako elizan organo jotzaile aritzen naiz eta Zarautzen larunbatetako hiletetan jotzen dut. Horrez gain, Porrotxekin aritzen naiz batetik bestera akordeioa jotzen umeentzako emanaldiak eskaintzeko.

Musikak badu berezia den zerbai. Gauza asko elkartzen ditu eta beste mundu bat adierazteko gaitasuna du arteak bezalaxe. Horren harira, esan behar dut Oteiza ezagutzeko aukera izan nuela eta hark erakutsi zidan  zein garrantzitsua den artegintzak gizakiari ematen dion gaitasuna pentsamendua adierazteko. Uste dut gaur egun oso ahaztuta dagoela hori. Horregatik, iruditzen zait garrantzitsua dela haurrei musika erakustea eta haiekin kantuak sortzea ikasi dutena beste batzuei zabaltzeko ondoren.

Musikari eta danborradari lotuta, berau bultzatu zuen Imanol Urbietarekin ere bazenuen harreman estua zuk, ezta?

Musikari oso ona izan zen Imanol, gaitasun izugarria zuen 3.000 kantutik gora sortu zituen euskaraz. Danborradako piezak ere bai, tartean. Urte luzuez izan ginen lagunak eta haren ildoa jarraitzen ahalegintzen naiz ni.

Aipatu duzu bi abesbatza zuzentzen dituzula, makila jasota danborrada zuzentzera ere ausartuko al zara?

Kar kar kar (barre egiten du). Ez dut uste makila jasota ezer zuzendu beharra dagoenik. Hori bai, Pelaio ereserkia abestuko dut. Gainera, hori bada nahiko berezia niretzat, zeren, Zarauzko ume askok ikasi dute abestia nirekin. Urtetan aritu naiz erakusten eta beti esan diet zarauztar batek kantu hau jakin beharra duela.

Bereziagoak izango dira aurtengo sanpelaioak zuretzat?

Makila jasoko dudan festa hauek oso bereziak izango dira, bai. Porrotx izango dut alboan, lagun bezala nire egon nahi zuela esan zidalako, Tasio Erkizia ere etorriko da nirekin egoteko eta etxean lagundu nauten guztiak ere bai, noski: emaztea, seme-alabak... Miren Osa Mondra-rekin ere gogoratuko naiz, ahaztu ezin ditudan pertsonak dira nire alboan izan ditudalako beti.

Jende askorekin gogoratuko naiz, baita bizitzeko modu eta estilo batekin ere, zeren, urte batzuetan ez dut ondo pasatu. Hala ere, haize gozoagoa dabil orain gure artean. Kaleko giroan nabari dut hori, begiradetan eta jendearen harreran. Egia esan, poz handiz hartu dut hori, eta, horregatik, igandean erresistitu duten guztiekin eta aurrera begira herrigintzari zentzua ematen jarraituko duten guztiekin oritu nahiko nuke.