Sanpelaioak 2023

Dozenaka lagun bildu ditu Paella Lehiaketak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 26a, 17:45

Sanpelaioetako Paella Lehiaketa, Munoan. (Utzitakoa)

Eguraldia lagun, Munoan egin dute, azkenean, eta otordu atsegina pasatu dute lagun artean. Arratsaldean eta gau partean jaiak jarraipena izango du.

Ekitaldiz beteriko eguna ari da izaten gaurkoa Munoan. San Pelaio Egunez antolatu ohi duten Baltsa Txapelketa izan dute goizean, eta, ondoren Paella Lehiaketa. Azken horren harira esan behar da Hirurputzu gaztetxera lekualdatzekotan izan direla euria egin zezakeelakoan, baina azkenean portatu da ekitaldia eta egitarauan jasotakoari eutsi diote.

Gauzak horrela, dozenaka lagun gerturatu dira lehiaketako parte hartzaileen sukaldeko dohainak frogatzeko, eta jai giro ederrean bazkaldu dute guztiek elkarrekin. Bazkalostean, Baltsa Txapelketako sari banaketa egin dute eta gauean jarraituko du jaiak txosnagunean Ithaka, Lukiek eta JMartina musika taldeen kontzertuekin.

Musika plazan, bien bitartean, Kresala taldeak joko du eta Iñurritzan erromeria izango da Izer eta Alabierrekin. Dena den, aurrez, kalejirak egingo dituzte aipatu bi guneen artean.