Garbitzaileak grebara itzuliko dira Osakidetzak "azkar" erantzun ezean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 5a, 09:10

Mari Jose Oiarbide eta Consuelo Manotas, Zarauzko anbulatorioko garbitzaileak. (Jabi Gonzalez Toston)

Gehiengo sindikalak eta enpresek aurreakordioa lortu dute, baina Osasun Sailak ez dio onespenik eman oraindik. Protesta egiteko trabak salatu dituzte langileek

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak lanera itzuli ziren atzo ia ehun eguneko grebaren ondoren. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak eta enpresek joan den ekainaren 26an lortutako aurreakordioak lan gatazkaren amaiera ekarriko zuelakoan utzi dute protesta bertan behera, baina egoerak bestelako itxura du orain. "Akordioa ostiralean sinatuko zutela esan ziguten, eta itxaropena piztu zitzaigun. Astea aurrera doa, ordea, eta oraindik ez dugu horren berririk jaso", deitoratu du Mari Jose Oiarbide Zarauzko anbulatorioko garbitzaile azpikontratatuak. Ildo beretik, Consuelo Manotas lankideak dio "kolpe handia" jaso dutela. 

Bi garbitzaileek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oraindik ez dio onespenik eman gehiengo sindikalak enpresekin adostutakoari, eta ez dute ulertzen zergatik ari den erabakia luzatzen. Hori horrela, "epe laburrean" erantzunik jaso gabe jarraitzen badute, grebara joko dute berriro. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bere aldetik, atzo adierazi zuen aurreakordioa "aztertzen" ari direla eta prest daudela "gatazka konpondu dadin, laguntzeko".

Greba uztearekin kritiko

Nolanahi ere, Manotasek ez du ulertzen zergatik erabaki zuten gehiengoa duten sindikatuek grebarekin aurrera ez jarraitzea ezer sinatu aurretik. Gainera, ELAk grebari eutsi dio, eta aurreakordioa bera ere ez du gustuko: "Lan hitzarmenik gabe aritu garen bost urteetan berritu behar zizkiguten karrera profesionaletatik hiru ordaintzea onartu dute gure ordezkariek, aurrerago beste biak lor zitezkeelakoan. ELAk borrokarekin jarraitzen du, guztiak ordainduko zaizkigula bermatu nahi duelako. Hori da nahi duguna eta zor digutena".

Are gehiago ere salatu du, dirua "lapurtu" dietela baitio: "Lanpostuan bost urte betetzen ditugun aldiro lortzen ditugu karrera profesionalak, eta gure hileroko soldatan 70 euro gehiago ordaintzea dakar bakoitzak. 2013an hasi nintzen ni lanean, eta oraindik ez dut bakar bat ere jaso".

Horren harira, Oiarbidek azaldu du azpikontratatutako langileak izan arren, Osakidetzako garbitzaileen baldintza berak zituztela, baina homologazio hori galdu dutela: "Osakidetzako langileei karrera profesionalak kendu zizkietenean guri ere gauza bera egin ziguten, baina gerora itzuli egin dizkiete haiei, eta falta zitzaizkienak ordaindu. Gurekin ez dute horrelakorik egin; horregatik, homologazioa betetzea eskatzen dugu".

Protesta egiteko trabak

Zarauzko anbulatorioko garbitzaileek salatu dute, halaber, protesta egiteko trabak izan dituztela grebak iraun duen bitartean. Zentzu horretan, Oiarbidek izan ditu zailtasun gehien, izan ere, deialdiarekin bat egin zuen lantaldeko goizeko txandako garbitzaile bakarra da. Zazpi garbitzaileetatik lauk egin zuten bat grebarekin, eta gutxieneko zerbitzuak %50ekoak izanik lan egitera behartu dute beti.

Horrez gain, kritikatu dute ikusgarritasuna kentzen ahalegindu direla protestari, batetik, anbulatorio barruan oharrak banatzea eta kartelak itsastea galarazi dietelako, eta, bestetik, zentroaren kanpoaldean pankartak jarri zituztenean udal brigadako langileek berehala kendu zituztelako. "Basurtoko edo Donostiako erietxeetan ez da hori gertatu", kexatu dira garbitzaileak.

Hori gutxi balitz, grebarekin bat egin ez duten lankideekin harremana asko tenkatu dela aitortu dute. Azaldu dutenez, zegozkienak baino lan gehiago hartu dituzte beren gain eta garbitu beharrik ez zeuden guneak garbitu dituzte. Horrek zikinkeria gutxiago antzematea eragin du, eta, ondorioz, "herritar asko" greba egiten ari direla "konturatu ere ez" direla egin diote.

Azken horren harira, Oiarbidek adierazi du anbulatorioko gainerako langileak izan direla zikinkeria gehien antzeman dutenak. "Greba ondorengo lehenengo lan egunean erizainen buruak galdetu zidan ea luzea egin zaigun greba. Ez zen kargu hartzeko izan, haren babesa sentitu dugu, baina azken bi hilabeteak oso luzeak egin omen zaizkio".