Rikardo Azkargortak irabazi du Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa

Intza Trula 2023ko uzt. 9a, 17:00

Goizeko 10:30ak aldera hasi dira parte-hartzaileak koadroak margotzen, eta 13:30ean aurkeztu dituzte lanak Ebro Etxean. 

Rikardo Azkargorta izan da Zarauzko Aire Zabaleko Pintura lehiaketako irabazlea. 08:30etik 10:00ak bitartean izan dute parte-hartzaileek izena emateko aukera, eta horren ondoren, bakoitzak bere lekua hartu du artelana margotzen hasteko. LVIII. Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa izan da aurtengoa, Julian Ugarteren XXIII. Oroimenezkoa.

Edizio honetan hiru eraikuntza eman zaizkie margolariei gai modura: Ebro Etxea, Villa Munda eta Sanz Enea. Parte-hartzaile gehienak Villa Mundan bildu dira; horien artean zegoen, hain zuzen ere, Rikardo Azkargorta lehiaketako irabazlea.

Hori horrela, goiz osoan zehar euren artelanak margotzen ibili dira, teknika eta interpretazio libreak erabiliz, eta 13:30ean Ebro Etxean aurkeztu dituzte lan guztiak.

Sari banaketa

14:00etan, epaimahaiak, lan guztiak aztertu eta eztabaidatu ondoren, parte-hartzaile guztiak deitu ditu Ebro Etxeko sarrerara, eta hasiera eman diote sari banaketari. Bertan lehiaketako lehenengo, bigarren eta hirugarren sariaz gain, gazte kategoriko saria ere banatu da.

Horrela banatu dituzte sariak:

  • Gazte Saria: Aroa Paskual.
  • Lehen saria: Rikardo Azkargorta.
  • Bigarren saria: Juan Jose Katala.
  • Hirugarren saria: Juan Karlos Perez.