"Euskararen babesguneei oldartzen ari zaizkie, eta erreakzionatzeko garaia da"

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 10a, 21:20

Zarauzko Zirika euskara talde sortu berriak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean Lege Zaharren enparantzan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kaleratutako azken sentetziaren aurka.

EAEko udalek barne funtzionamendua erabat euskaraz egiteko aukeraren kontra sententzia kaleratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta erabakiaren larritasunaren aurrean, Zarauzko Zirika euskara talde sortu berriak protestara deitu ditu gaur arratsaldean herritarrak. Elkarretaratzeko hitzordua jarri du 19:00etan, Lege Zaharren enparantzan, eta zarauztar ugarik egin dute bat sententziaren aurka.

Euskararen aurka erasorik ez, Euskaldunok hizkuntza eskubideak errespetatu, Euskaraz eta euskara gara eta Euskaraz bizi nahi dut bezalako leloak zeramatzaten karteltxoak altxa dituzte bertaratu direnek, ordu lauden pasatxo iraun duen prosteta isilak.

Jarraian, Zirika taldeko Imanol Epeldek eta Ainhoa Bagliettok hartu dute hitza. Izatez, taldea irailean aurkezteko asmoa zutela jakinarazi dute, eta hortik aurrera antolatzen hastea. "Baina aurreko hasteko berriak entzunda, iruditu zitzaigun larria eta beharrezkoa zela deialdi hau egitea", azaldu du Epeldek. "Euskara egoera zaurgarrian dago, eta landareek naturguneak eta babesguneak behar dituzten bezala, guk ere behar ditugu babesguneak. Momentu honetan, babesgune horiei oldartzen ari zaizkie".

Horren aurrean, "erantzuteko eta erreakzionatzeko garaia" dela nabarmendu zuen Epeldek: "Hemen guztiok elkartzea bada jada sintoma bat, bai geuregatik, bai aurretik lan egin dutenengatik, baita geure seme-alabengatik ere, euskaraz bizi nahi dugulako".

Bagliettok baliatu zuen Zirikak antolatu asmo dituen ekitaldien berri emateko: irailaren 14an aurkeztuko dute taldea Gaztelekuan; azaroaren 11n, kantu-bazkaria egingo dute Lagunak jatetxean. Gaurko elkarretaratze-agerraldia biribiltzeko, Behin betiko abestu dute Txapasek soinuarekin eta Goizeko Ihintza txistulariek lagunduta.