"Udan ugariagoak dira karabelak, ugaltzeko garaia dutelako"

Maria Maya Manterola - Gorka Eizagirre 2023ko uzt. 11a, 18:50

Egunotan eskualdeko zenbait hondartzetan –Getarian eta Zarautzen– kontuz bainatzea aholkatu dute portugaldar karabelak agertu direlako. Gonzalo Torre biologo zumaiarrak horien inguruko xehetasunak eman ditu.

Portugaldar karabelak agertu dira egunotan eskualdeko kostaldean. Itsasoko uraren tenperatura altuagatik izaten dela esan ohi dute. Hori horrela al da?

Portugaldar karabela tropikoetako edo Mediterraneo itsasokoa da, baina oso erraz mugitzen da korronteen bidez, eta, adibidez, gure kostaldera sarritan etortzen da Bizkaiko Golkoaren korrontearen eraginez. Orain, gehiago ikus daitezke ugalketa garaia dutelako. Era berean, esaten dute gehiago agertzen ari direla klima aldaketaren ondorioz edo harrapakari gutxiago daudelako. Nik iazko azaroaren bukaeran ikusi nituen Itzurunen azkenekoz. Beraz, ez da oraingo kontua;  urte osoan bistara daitezke. Jakina, orain ugariagoak dira, ugaltzeko momentua delako, eta multzoka mugitzen direlako, korrontearen nahiz haizearen eraginez. Horregatik agertzen dira gehiago udan.

Horien ziztadak oso mingarriak direla dio jendeak. Benetan arriskutsuak al dira?

Ziztadak benetan mingarriak dira, bai. Egia esan, nik ez dut inoiz ziztadarik jaso, baina ziztada egiterakoan sartzen duten pozoiak oso molekula konplexuak ditu; proteina eta entzima konplexuak, hain zuzen ere. Beraz, zenbat eta molekula konplexuagoak eduki, gorputzak horri aurre egiteko zailtasun handiagoak ditu. Horregatik sorrarazten dute horrenbesteko mina. Hilgarria ere izan daiteke karabelen ziztada, baina oso kasu gutxitan. Izan ere, ziztadak eraginak dauzka azalean, baina baita maila neurologikoan eta kardiologikoan ere. Arraroa da, baina gerta daiteke.

Nola bereizi daitezke marmoka arruntengandik?

Portugaldar karabelak ez dira marmokak, ez behintzat ezagutzen ditugun ohiko marmoka horiek. Marmoka berez ale bat da, eta karabelak, berriz, polipo ezberdinez osatutako kolonia bat dira. Hiruzpalau motatakoak daude: batzuek baloi itxura dute, ur azalean mugitzeko; besteek disgestioa egiten dute; beste batzuek animalia txikiak harrapatzen dituzte; eta besteak ugaltzeaz arduratzen dira. Orokorrean, organismo konplexuak dira, eta horregatik bereizten dira marmokengandik. Karabelak ur azalean joaten dira, eta erro oso luzeak izaten dituzte; aldiz, marmokek antzeko itxura duten arren, beti urpean joaten dira.

Karabela batek ziztatuz gero, zein da jarraitu beharreko bidea? Zer gomendatuko zenuke?

Ziztadaren bat jasoz gero, eta hondartzan baldin bagaude, sorosleengana joatea da gomendiorik onena. Haiek jakingo dute zer egin horrelako egoera baten aurrean. Hori bai, inoiz ez da hazka egin behar ziztatutako gorputzeko atal horretan, ezta ur gezarekin eremu hori garbitu ere. Garbitzekotan, itsasoko ur gazia erabili behar da, eta beti eskularruak jantzita, ziztada azalez azal igarotzeko aukera baitago. Ziztadaren une horretan, norbera bakarrik baldin badago, saiatu behar du erroak pintza batzuekin kentzen, edo txartel batekin azalaren kontra gogor eginez. Hortik aurrera, askoz gehiago ezin da egin; adibidez, esan ohi dute hondarrarekin eremu mindua igurtzitzea eta halakoak onak direla, baina metodo horiek beste konplikazio batzuk ekar ditzakete gerora. Hobe da ezer ez egitea eta ondoren mediku batek ikustea, eta behar izanez gero, hark emango dizu anagelsikoa edo botikaren bat.

Zarautzen astelehenean agertutako portugaldar karabela bat. (Aritz Mutiozabal)