Bertso Astea 2023

Aner Peritz: "Kaleko hizkuntzan kontatu dut, baita modu esplizituan ere"

Aritz Mutiozabal eta Mireia Galarza Bastida 2023ko uzt. 13a, 10:00

Bigarren urtez jarraian Basarri bertsopaper saria erdietsi du Aner Peritzek (Zarautz, 2002). Gaur saria jasotzeaz gain, jendaurrean abestuko du bertso sorta irabazlea, Bertso Musikatuen barruan.

Bigarren urtez jarraian Basarri bertsopaper lehiaketa irabzi duzu. Horrek poza emateaz gain, halako prestigio bat ere emango dizu, ezta?

Prestigioa akaso asko esatea litzateke, baina poza ematen du bigarren urtez jarraian irabazteak, eta agian aurten poz handiagoa. Izan ere, bi alditan aurkeztea eta bietan saria lortzea ederra da. Gainera, Basarrik badauka bere berezitasuna: Zarautzen da, geuk antolatu [Motxian-Etxebeltz bertsoguneak] eta parte hartzen dugun Bertso Musikatuetan kantatzen dira bertso sarituak. Beraz, baditu alderdi batzuk poz hori areagotzen dutenak. Gainera, azkenaldian ez nabil horrenbeste bertso sorta jartzen, eta egindakoek aitortza jasotzea beti da pozagarria.

Basarri sariak ibilbide luzea du, eta ospearen aipamena zentzu horretan zihoan.

Aurtengoa 39. edizioa izan da, eta badu bere sona. Baina prestigioa bezalako hitz potoloek beti ematen didate beldurra. 20 urterekin ez dakit prestigiorik nahi ote dudan! Ulertzen dut aipamen hori egin izana, eta egia da Basarri dela dauden sariketen artean handienetakoa edo entzutsuenetakoa.

Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako da bertso sorta irabazlea. Izenburu aski iradokitzailea jarri diozu.

Bertsoak jartzeko bi modu daude: bata, gai bat hartu eta horri buruz filosofatzea, lekutik askorik mugitu gabe; eta bestea, nik egin dudana, narrazio bat sortu eta hasieratik bukaeraraino kontatzea, ipuin bat balitz bezala. Hori egiteko istorio bat behar nuen, eta pentsatzen aritu ondoren, banalitatearen apologia egitea otu zitzaidan. Hutsaltasuna eta gauza bat besterik gabe kontatzeagatik kontatzea ere aldarrikatu beharko genukeela iruditu zitzaidan; aldi berean, betiere ulertuta sortzen dugun mundu ikuskerak eta kontatzen ditugun gauzek ideario bat sortzen dutela, eta beti ari garela zerbait esaten, beti zerbaiten alde eta zerbaiten kontra. 

Uste dut sorta honetan kontatzen dudana badela berriagoa, eta mundua ikusten dudan nire lekutik kontatuta, badakarrela aldaketa bat. Baina, era berean, istorio bat kontatzen dut: igande batean pertsona bat esnatzen da kotxe barruan eta aldamenean beste lagun bat dauka, eta grazia egiten zidan egoera deseroso hori zehatz kontatzeak. Izenburua jartzerakoan ere ohikotik ihes egin dut, eta jolas egiten saiatu naiz, esaldi xelebre hori jarrita. 

Umoretik jo al duzu bertsoak lantzeko orduan?

Horretan saiatu naiz. Niri grazia egiten zidaten gauzak daude; izan ere, istorioa umoretik kontatzea izan da ariketa. Hizkera zein idazkera ere informaltasunera hurbiltzen dira, egoera horretan inork ez lukeelako hitz egingo kongresu batean egongo balitz bezala. Hor zehar ere badaude pixka bat idazketa autonomoa deitzen den horretara hurbiltzen diren gauza batzuk; pertsonaia gauza bat kontatzen ari da, eta une batean beste zerbait okurritzen zaio eta horrekin hasten da. Ahalegindu naiz nolabait hizkuntza hurbiltzen egoera deseroso horretara modu errealean. Nola hitz egingo luke pertsona batek egoera horretan egonda? Eerrealitatera ahalik eta gehien gerturatuz kontatu dut. Horretarako kaleko hizkuntza edo...

Gazteagoa?

Bai, gazteagoa ere izango da. Azken finean, nire hizkuntza informal hori gaztea delako neurri batean, eta nik kontatu nahi dudalako nire tokitik eta horrela izan nahi duelako. Baina ez da gaztea bakarrik, zeren zikina ere bada eta gordina ere izan nahi du momentu batzuetan. Badauka hortik, eta modu esplizituan esatearen jarrera.

Doinukerari dagokionez, ez duzu ohikorik erabili, Jorge Drexler musikariaren El tiempo está después kantuaren moldaketa baizik.

Hala da, eta gero toki guztietan jartzen ari dira Alaia Martinek Argentinari jarriak sortan erabili zuela aurretik. Nik nire bertso sortan aipatu nuen hori, Alaiak aurretik erabili zuela, inork ez pentsatzeko nire harrikada bat izan zela, baizik eta harrikada partekatua. Doinuari dagokionez, nire ustez ez da erabat bertsotarako, eta bat-batean ez dakit zenbat erabili ote daitekeen. Ez da bertsotarako doinu ortodoxo bat, ez dituelako bere pausak eta tenpoak ongi markatuak. Izatez, kantu bat da, abesteko egina, eta erritmo diferentea dauka, nahiko azkarra. Bertso batetik bestera ia-ia ez dago isilunerik; agian, bertsoaren barruan pausa handiagoak daude bertsotik bertsora baino. Puntuak ez daude horrenbeste markatuta, eta paradarik handienak puntuen artean egiten ditu. Nahi nituen bertso batzuk egin doinu honetan funtzionatuko zutenak, hots, ariketa hori egin. Saiatu naiz hitzak eteten, zerrendak egiten bertso batean hasi eta hurrengo bertsoan bukatuz, bertsotik bertsora dibertsoak ez izaten... Doinuarekin jolas egiten aritu naiz, baita bertso kantagarriak sortzen ere; abesteko baitira irakurtzeko baino gehiago, nahiz eta idatziak izan.

Gaur gauean jasoko duzu saria, Bertso Asteko lehen ekitaldian; Bertso Musikatuen saioan, hain zuzen ere. Pianoz lagunduta abesteko asmoa duzu bertso sorta, gainera.

Hori da nire asmoa. Polita da, gainera, Bertso Musikatuen barruan bertso sorta aurkeztu ahal izatea jendaurrean, bestela ere ekitaldian parte hartu ohi dudalako. Bertso Musikatuetako musikarietako bat naiz, eta normalean pianoa eta gitarra jotzen ditut. Aurten, nire sortaren aurretik hamahiru aldiz joko dut, eta hamalaugarrenean, Basarri sarikoan, nik neuk pianoa jotzea erabaki dut, beste norbaiten laguntzarekin. Espero dut, aipatu dudan bezala, kantagarriak izatea, eta dena txukun-txukun ateratzea. 

BERTSO ASTEA

Gaur, osteguna

  • 22:00. Bertso Musikatuak, Torre Luzeako parkean; euria egiten badu, Modelon.
  • Ondoren, Basarri bertsopaper sariaren banaketa.

Bihar, ostirala

  • 18:30. Bertso Pelota, Frontoi Txikian; euria egingo balu, Zinema frontoian. Paulo Txikiya Motxian-Etxebeltzen aurka.
  • 22:30. Bertso Desapiyua, Torre Luzeako parkean;  euria egiten badu, Modelon. Motxian-Etxebeltz Paulo Txikiyaren aurka.

Uztailak 15, larunbata

  • 10:30. Hamaiketakoa, Musika plazan.
  • Ondoren, Txepelketa, Alde Zaharreko tabernetan.
  • Amaitzeko, bazkaria, Urpekoan. Parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena motxianetxebeltz@gmail.com helbidera idatzita. 
Erlazionatuak

Bertso Astea ostegunean abiatuko dute

Jabi Gonzalez Toston 2023 uzt 08 Zarautz