Lodifobia jomugan

Norberaren gorputzaz harro

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko uzt. 14a, 12:00

Uda garaia iritsi da. Gizarteak ezartzen duen edertasun ereduak indarra hartzen du urte sasoi horretan, egiturazkoa den lodifobiaren eragina inoiz baino agerikoago bihurtuz. Lodifobiak nola eragiten duen ezagutzeko, eskualdeko hainbat herritarren testigantzak bildu ditu GUKAk. Horiek argi dute: "Ez dira kasu isolatuak, jende askok bizi ditu halakoak".

Martxoaren 4a Lodifobiaren Aurkako Eguna izendatu zuten osasungintzako hainbat profesionalek eta lodifobiaren aurkako aktibistek. Berez, Obesitatearen Aurkako Eguna bada ere, manifestuarekin salatu zuten edertasun ereduek eta horiek lortzeko dietaren kulturak gizartean "kaltea" eragiten dutela, eta gorputz masaren indizearen aitzakian, gorputz eredua "patologizatu" egiten dela. Izan ere, adierazle horrek pertsonaren garaiera eta pisua hartzen ditu kontutan, hezur eta gihar masa aintzat hartu gabe: 19 eta 25 arteko Gorputz Masaren Indizea (GMI) dutenek izango lukete pisu egokia; 25-29,9 artekoek gehiegizko pisua; eta 30etik gorakoek obesitatea. Horra hor gorputz normala edo lodia izatearen arteko muga. Eustatek gaiaz argitaratutako azken datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren %12,5k du obesitatea eta %33,5k gehiegizko pisua; beraz, herritarren %46 bere pisutik gora legoke. Horren aurrean, lodifobiaren aurkako aktibistek osasuna zenbaki hutsetatik haratago doala aldarrikatzen dute.   

Mugimendu feminista aspaldi hasi zen lodifobiak gizartean, eta bereziki emakumeengan, zuen eragina aztertzen, eta gaiak duen garrantzia azpimarratu du Miriam Garcia Etxeberria Orioko Pertzetik elkarte feministako kide eta Emakumeen Etxeko arduradunak. "Pertsonek lodiak izateagatik jasotzen duten bazterkeria eta gorrotoa da definizioz lodifobia, baina askoz haratago doala esango nuke. Zapalkuntza sistema bat da, kanon estetiko oso markatu batetik ateratzen den edonoren aurka egiten duena. Argal egotea osasunarekin lotzen da; kontrakoa, berriz, gaixo egotearekin. Pertsona lodia bazara, izaera alferrarekin eta utziarekin lotuko zaituzte, kontrolik ez duen pertsona batekin". 

"Pertsona lodien aurkako diskriminazioa dagoela salatu egin behar da"

Hasiera batean pentsa daiteke lodifobiak pertsona lodiei "iseka egitea" duela oinarrian, baina hori baino askoz "sakonagoa" dela argi du Garciak: "Eraso zuzenez gain, beste modu askotara bizi dezake lodifobia pertsona batek. Osasungintzan, esaterako, edozein arazoren aurrean, oso ohikoa da medikuek jatorria loditasunean bilatzea, benetako arazoan sakondu gabe. Horrez gain, autozaintza agindua ez betetzeagatik epai moralak jasotzen dituzte, baina kirola eginez gero ere, begiradak, txutxu-mutxuak eta isekak agertzen dira. Bizitzako arlo guztietan dago lodifobia: lan eremuan, harreman sexual nahiz afektiboetan, kulturan... Lodia bazara, bereizkeriaz tratatuko zaituzte lan esparruetan, eta zer esanik ez ligatzeko orduan; pertsona lodiak merkatutik kanpo daude".

Gorputz eredu normatiboa izatearen presioa era batera edo bestera gizarte osoak jasaten duela azaldu du Emakumeen Etxeko arduradunak. "XXI. mendea irudiaren, mugikorraren, sare sozialen eta selfiaren garaia da, eta, testuinguru horretan, gorputz lodia gorputz okerra da. Baina pertsona argal batek ere sufrituko du, presio handia izango baitu argal jarraitzeko, gorputza mantentzeko, kirola egiteko. Beldur ikaragarria diogu pisua hartzeari, horrek argaltasun proiektuan porrot egin dugula esan nahi duelako. Dietaren kulturan bizi gara, eta horrek eragin ditzake elikadura nahasmenduak". Presio estetiko horrek emakumeei bereziki eragiten diela uste du, horiek beren bizitzak itxuraren inguruan eraikitzeko sozializatuak izan direlako. "Itxurak erabakiko du gure estatus soziala, eta horrek gure egunerokoan eragin egingo digu. Adibidez, kanpoko begien arabera itxura zaintzen ez duen emakume batek egoera berean dagoen gizon batek baino zailtasun handiagoak izango ditu lan munduan". Garciaren arabera, argaltasunak "zoriontasuna" dakarrela ere saldu du sistemak. "Perfekzio hori, noski, ez da eskuragarria, baina bizi osoa pasatuko dugu hori eskuratu nahian. Azken finean, sistema patriarkalak argaltasuna bezalako promesa jasanezinak garatu ditu gure gorputzak kontrolatzeko".

"Garen bezala izatearen erruduntasun sentimendua gizarteak sortu digu"

Egoeraren aurrean, Garciak dio "oso beharrezkoa" dela lodifobiaz hitz egitea, baita aktibismoa ere. "Pertsona lodien aurkako diskriminazioa dagoela salatu egin behar da, eta gure errealitatearen analisi kritiko bat egin". Horrez gain, "diskurtso teorikoetatik irten eta gorputzera etortzea" ere oso beharrezkoa dela deritzo. "Bizitako lodifobiaz hitz egin behar dugu, osatzeko eta elkar babesteko. Askotan, oso bakarrik sentitzen gara gai horren inguruan, inguruan ditugun lagunek ere esperientzia oso antzekoak bizi izan dituztela konturatzen garen arte. Esperientzia horiek elkarbanatzea oso sendagarria izan daiteke".

Eskatu gabeko aholkuak

Jon Alkain (Orio, 1998) eta Andoni Uranga (Orio, 1998) oriotarrak oso kontziente dira inguruan bizi duten lodifobiaz. Bi gazteek umorea erabiliz eman dituzte azalpenak, baina gaiaz asko hausnartutakoak direla nabari da segituan. "Nik txikitatik izan dut handia nintzelako desberdina izatearen sentipena. Zenbat aldiz esan ote zieten medikuek gurasoei: 'Handiegia dator'". Lodia izatearen estigma horrek haurtzaroan eta nerabezaroan "markatu" egin zuen Alkain eta, azkenean, 17 urterekin, elikadura portaeraren nahasmendua izan zuen: sei hilabetetan 40 kilo galdu zituen. "Hezurretan nengoen: 1,76 metro neurtzen nuen eta 64 kilo pisatu. Ikaragarria da, jendeak oso guapo eta eder nengoela esaten baitzidan, nahiz eta ondo ez egon". Horregatik, Alkainek argi du: "Gizarte honek onartzen zaitu itxura jakin bat baldin baduzu, baina edertasun eredu horretatik ateratzen baldin bazara, zaintzeko eta kirola egiteko esaten dizu etengabe, orain arte zaindu izan ez bazina bezala". 

Gizarteko lelo horiek etengabe errepikatzen direla uste du Urangak ere, gizena izateari konnotazio edo esanahi "negatiboa" emanez. "Jendeak ohitura handia du lodi daudenei aholkuak emateko, bere osasunaren 'hobe beharrez' ari direla esanez, noski: 'on egingo dizu mendira ibiltzera joateak', 'jan itzazu karbohidrato gutxiago', 'fruta eta barazki gehiago izan behar ditu zure elikadurak', eta nola ez, 'kafearekin azukre beltza edo sakarina?'... Osasun fisikoa jartzen da aitzakia gisa, baina zer gertatzen da buruko osasunarekin?", galdetu du Urangak. "Akaso erretzen duenari etengabe esaten al zaio mendira joateko aire garbia arnastera, edo alkohola egunero edaten duenari errepikatzen al zaio ura edateko, alkohola gibelarentzat kaltegarria delako?".

Jon Alkain eta Andoni Uranga (Arnaitz Rubio Aprea)

Hala, bi gazteek uste dute presio sozial horrek "autoestimu arazoak eta norberaren auto pertzepzio zeharo okerra" dakartzala: "Jasaten duzun presioari aurre egiteko, desio duzun bezala argaltzen zarenean ere ez zara ondo ikusten, sekula ez da nahikoa, barru-barruan geratzen zaizulako urteetan errepikatu dizuten leloa". Hain zuzen ere, gizartearengandik jasaten den presioaz "oso gutxi hitz egiten" dela deritzo Urangak. "Norberak darama zama, inorekin partekatu gabe. Norbere gorputzaz lotsatuta bizi da jende asko; uste baino ohikoagoa da, gainera". Pasarte bat kontatu du anekdota gisa: "Kuadrillan inauteritako mozorroa erostera joan eta aukeraketa egitean, neurri estandarraren barruan dauden horiek normalean ez dute pentsatu ere egiten beraiei primeran geratzen zaien neurri hori lodiei ez zaiela kabituko. Mozorroa aukeratzen duten bitartean gizena atzean dago dardarka, sartuko al zaion pentsatzen". Konfiantzazko inguru batean, lagun artean egon arren, "lotsagatik" gertatzen zaiena oso gutxik azaleratzen dutela uste du oriotarrak: "Zaila da araututakotik kanpo zaudela aitortzea, sistema argalen neurrira egina baitago". 

Zentzu horretan, Alkainen eta Urangaren ustez, lodifobia lantzeko lantegiak "oso baliagarriak" dira horrelako bizipenak edo antzekoak jende askok izan dituela jabetzeko; izan ere, haiek diotenez, ez dira kasu "isolatuak", eta horiei kolektibo gisa egin behar zaie aurre. "Garen bezalakoa izateagatik ditugun errudun sentimenduak gizarteak sortu dizkigu, sistemak ezartzen dituen arauen eta ereduen bidez. Gaiaz jendearekin hitz egitean, askok garrantzia kentzen diote, eta, beste batzuek, berriz, gizarteari kasurik ez egiteko esaten dizute, baina era berean, konturatu gabe, beraiek ere erreproduzitu egiten dituzte jarrera lodifobikoak".

Bi gazteek sentitu dute lodi izate hutsak batzuei "molestatu" egiten diela ere. "Pertsona lodi bat pasatzen denean, jendeak uste du hari buruzko iritzia emateko eskubidea duela, berriz ere loditasun hori osasunarentzat kaltegarria dela aitzakia hartuta, noski. Askotan gertatzen da parrandara atera eta kuadrillaren baten aurretik pasatzean 'gordo', 'potolo' edo horrelakoren bat deitzea ere". Argi dute ezaugarri fisiko hori irain moduan erabiltzeak "pertsona lodiak estigmatizatu" egiten dituela. "Horrek eragin zuzena du pertsona horiek ezezagunen aurrean hartzen duten jarreran, diren bezalakoak izateagatik baztertuak edo irainduak izateko beldurra sortzen dielako. Eta, berriro diogu: ez dira kasu isolatuak, jende askok bizi ditu halakoak".

Aniztasunari balioa

Fama Thiam (Dakar, 1984) senegaldarra da, eta 12 urte zituenean utzi zuen jaioterria, Almerian (Espainia) bizi ziren gurasoekin elkartzeko. Europara iritsi zenean harridura eragin zion faktoreetako bat izan zen gizarteak pertsona lodiekiko zuen jarrera "ezkorra". Hala azaldu du: "Lodifobia arrazakeria bezala da. Zenbaitek esan dezakete gizartea ez dela arrazista, baina beltza denak etengabe sufritzen du. Gauza bera gertatzen da lodifobiarekin ere. Batzuei irudituko zaie lodia izateagatik ez dela inor baztertzen, baina gizena dagoenak badaki zer-nolako begiradak, komentarioak, jarrerak, bazterketak eta irainak pairatzen dituen". Hain zuzen ere, Thiamek uste du lodifobiarik ez dagoen herrialde batetik iritsita, "are nabarmenagoa" dela bazterketa. "Senegalen pertsona handiak ederrak direla sinesten du gizarteak, eta oso eroso sentitzen dira beren gorpuzkerarekin. Eremu publikoan, hainbat arlotan ikus daitezke emakume eta gizon handiak erreferente gisa: komunikabideetan, musikan, politikagintzan, enpresa munduan... Gorpuzkerak ez du baldintzatzen pertsona horrek lor dezakeen arrakasta, ez dagoelako horren gaineko aurreiritzirik, ezta gorputzaren arabera eraikitako hierarkiarik ere". Europan, aldiz, pertsona lodiak "seinalatuta eta epaituta sentitzea" ohiko dela deritzo. "Has gaitezen kontatzen zenbat emakume edo gizon lodi dauden eszena publikoan: oso gutxi. Kasualitatea al da? Ez". Thiamek uste du eremu publikoan "oso argi" ikusten dela pertsona lodien bazterketa. "Hemen loditasuna utzikeriarekin lotzen da, eta horregatik ez da eredu gisa aurkezten".

Fama Thiam (Arnaitz Rubio Aprea)

Pertsona lodiei egiten zaien presioari aurre egiteko, Thiamentzat garrantzitsua izan da bere jaioterriko errealitatea ezagutzea. "Ez dut gezurrik esango; gaztea nintzenean, institutuan sufritu nuen bazterketa beltza eta gizena izateagatik, eta nire seme-alabek ere bizi izan dituzte antzeko egoerak. Hala ere, beste erreferente batzuk izateak asko lagundu izan dit neure buruarengan sinesten, argi nuelako zer-nolako emakumea izan nahi nuen". 

Aian bizi den senegaldarrak askotan "penaz" bizi ditu Euskal Herriko pertsona lodi askok txiki-txikitatik dituzten konplexuak. "Haurrei txikitatik errepikatzen zaie lodiak daudela, eta errepikatuz eta errepikatuz, kalte handia sortzen die autoestimuan, zerbait oker egin dutela pentsatzen baitute. Pertsona horiek markatuta bizi dira heldutzen direnean ere. Horregatik, benetako gizarte inklusiboa nahi baldin badugu, oso garrantzitsua da lodifobiaz jabetzea eta horri aurre egitea". Prozesu horretan, lodiak dauden pertsonak "diren bezalakoak izateagatik harro" sentitzea ezinbestekoa dela uste du Thiamek. "Gainontzekoek baztertu ez gaitzaten, geure buruari balioa eman behar diogu, gizarteak ezarri nahi dizkigun konplexu guztiak alde batera utziz". Berak, esaterako, ozen aldarrikatzen du ez dela ezkutatzen. "Ez ditut arropa zabalak janzten arretarik ez emateko. Arropa estuak janzten ditut, nire gorputzaz harro nagoelako eta ez dudala ezkutatu beharrik uste dudalako". Izan ere, Thiamen iritziz, pertsona guztiak molde berekoak balira, "oso aspergarria" izango litzateke gizartea. "Aniztasunari zentzu guztietan eman behar diogu balioa".

Gorputzarekin adiskidetzea helburu

Antzekoa da Ana Bringas (Zumaia, 1984) zumaiarraren testigantza ere. "Handia" izateagatik begirada askoren jomuga izan dela sentitu izan du beti. "Ez naiz sekula estandarretan sartu eta zenbait unetan horregatik baztertua izan naizela uste dut, baina nire izateko moduarekin horri aurre egiten saiatu naiz beti. Neure buruarekiko izan dudan hautematean ere kalte egin didate jendearen iritziek, komentarioek edo begiradek", aitortu du. Bringasi irudiaren eta modaren mundua gustatu izan zaio betidanik, baina badaki arlo horretan ez duela lan gehiago egin bere gorpuzkeragatik. "Saiatu banaiz ere, arropa kate handiek sekula ez naute kontratatu beren dendetan saltzaile lanetan aritzeko, nahiz eta langile bila ibili eta nik lan hori betetzeko eskatzen zituzten baldintza guztiak bete". 

Eredu horri aurre egin nahian, Bringasek arropa denda bat zabaldu zuen Zumaian. "Emakume askori ez zaie arropa erostera joatea gustatzen ohiko dendetan beren neurriko arropa ez dutelako aurkitzen, eta hori oso frustragarria da". Modaren industriak egiten duen presio hori bere azalean bizi izan du zumaiarrak: "Beti gustatu izan zait arroparen bidez nire nortasuna adieraztea, eta oztopo asko izan ditut horretarako, nire neurriko arroparik ez nuelako aurkitzen ohiko dendetan. Garai batean gizonezkoen prakak ere erosi behar izaten nituen. Takoidun zapatak janzten nituen, gizonezkoen prakekin". 

Jakin badaki, ordea, berea ez dela kasu isolatua, neska gazte eta emakume askok sufritzen dutela horregatik. "Nire dendara etortzen zen 12-13 urteko neska bat bere amarekin. Gogoan dut lehen aldiz lotsatuta etorri zela. Amak esan zidan praka estu batzuk nahi zituela, bere lagunek moda kate handietan erosten zituztenak bezalakoak. Neska ederra zen, baina konplexu handia zuen bere gorpuzkerarekin. Oso pozik jarri zen galtza batzuk sartu zitzaizkiolako, eta amak aitortu zidan ez zuela sekula horren zoriontsu ikusi. Ordutik dendara irribarretsu etorri izan zen; bere buruarekiko segurtasun handiagoarekin begiratzen zituen arropak eta lasaitasunez aukeratzen zuen nahi zuena". Arazo hori bizi izan ez duenari "garrantzirik gabeko anekdota" irudituko zaiola uste duen arren, arropa erosi nahi den bakoitzean "araututakotik at sentitzea oso gogorra" dela uste du Bringasek. "Izan ere, horrek uneoro sentiarazten dizu ez zarela izan behar zenukeen bezalakoa".

Ana Bringas (Arnaitz Rubio Aprea)

Lodifobia "esan edo hitz soila baino askoz sakonagoa" dela uste du. "Haurra zarenetik pixkanaka-pixkanaka bide desberdinetatik buruan sartzen dizkizuten ideiak dira, gizartean lodia den guztiaren aurka errotuta dauden usteak". Bringasen iritziz, lodia izateagatik sortzen den bazterketa ez da arlo informalean bakarrik ematen, osasungintzan ere gertatzen dela deritzo. "Mediku bakoitzaren araberakoa da, baina askok edozer duzula ere, dena beti pisuarekin erlazionatzen dute. Nik azaleko arazoak izan ditut, eta lehen aldiz artatu ninduen dermatologoak esan zidan elikadura zela nire arazo nagusia. Dietan hastea agindu zidan, garbi janda pasatuko zitzaidala eta. Oso oker zebilen, denbora tarte hartan okertu besterik ez baitzitzaidan egin arazoa. Espezialistaz aldatzeko eskatu nuen, bigarren iritzi bat izateko, eta, azkenean, jakin nuen nire azaleko arazoak ez zuela zerikusirik elikadurarekin".    

Zumaiarrak aitortu du bera berez dela "handia eta zabala", baina ez dela beti egoera berean egon, "bakoitzak bizi duen une pertsonalak eragin zuzena" duelako gorputzean. "Garai batzuetan besteetan baino argalago egon naiz. Orain, adibidez, bigarren semea izan berri dut, eta pisua hartuta nago. Jakin badakit erosoago sentituko nintzatekeela taila eta erdi jaitsiko banu, baina hala eginda ere, gizartearentzat lodi egoten jarraituko nuke". Horregatik, bere buruari ez dio eskatzen gorputz eredu normatiboaren barruan sartzea, uste duelako "norberak erabaki" behar duela nola sentitzen den gustura, "gainontzekoen iritziei jaramonik egin gabe". Bringasen iritziz, gakoa "pertsonak diren bezala onartzea" da. "Bata bestearengandik desberdinak garela naturaltasunez hartu behar dugu, denak molde desberdinekoak garelako. Ezaugarri horiek ez genituzke irain bezala erabili behar. Harrigarria da haurrak bata besteari 'potolo', 'gordo' eta horrelakoak deitzen zeinen goiz hasten diren ikustea". Arlo horretan, autoestimu eta autozaintza "lan handia" egin behar dela uste du, "astakeriarik ez egiteko". Zehaztera jo du: "Gizen egotea osasuntsua ez dela sinetsita egongo dira asko, baina argal egoteko buruko gaixotasunak izan dituztenak ere asko dira. Nire ama zenak esaten zidan gorputzari eskerrak eman behar dizkiogula, horri esker bizi garelako. Beraz, zaindu eta maite dezagun gure gorputza, eta adiskidetu gaitezen berarekin, bizitza bizitzeko da eta".