Bertso Astea 2023

Pilota eta bertso desafio ikusgarria Frontoi Txikin

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 15a, 09:00

Estua eta borrokatua joan zen atzo arratsaldean zarauztarren eta hernaniarren arteko Bertso Pilota lehia. Azkenean, lagunartea eta giro paregabea gailendu ziren.

Azken urtetako ildoari jarraituz, Bertso Pilota eta Bertso Desafioa antolatu zuten ostiralerako Bertso Astearen barruan. Aurten, Motxian-Etxebeltz Bertsogunea Hernaniko Paulo Txikiya taldearen aurka aritu da nor baino nor Zarauztarren eta hernaniarren arteko dema izan zen; arratsaldean, pilotan Frontoi Txikin, eta gauean bertsotan , Torre Luzea aurrean.

Arratsaldeko partidari dagokionez, Paulo Txikiya taldea ordezkatuz Eli Pagola eta Oier Iurramendi aritu ziren pilotari, eta Harri Agirresarobe, berriz, botilero. Motxian-Etxebeltzen taldean, berriz, Aner eta Garazi Peritz anai-arrebak aritu ziren jokoan eta Markel Eizagirre izan zen botileroa. Epaile lanak, bien bitartean, Manu Goioganak egin zituen.

Partida borrokatua izan zen, eta markagailuan nahiko parekatuta joan ziren arren, hernaniarrak beti joan ziren pauso pare bat aurretik. Hori epaileak tantoak nahieran kentzen ez bazituen, bere epaia bertso bidez arrazoituta. Saioak hainbat atsedenaldi izan zituen, eta tarte horietan botileroek bertso animatzen zituzten beraien pilotariak, edo aurkariak zirikatu. Jende ugari bertaratu zen ekitaldiaz gozatzera, eta 22-20koarekin Paulo Txikiyak irabazi bazuen ere, ikuskizunak, lagunarteak eta bertao giroa gailendu zen atzokoan.