Bertso Astea 2023

Eguraldi txepela, baina Txepelketarako aproposa

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 15a, 14:00

Bertso Asteari amaiera emango dio gaur Motxian-Etxebeltzek, eta lehiaketa herrikoiaz gain, lagunarteko bazkaria egingo dute Urpekoak elkartean.

Bertso Eguna ospatuz, Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak gaur biribilduko dute Bertso Astea. Goiz partean hamaiketakoa egin dute Musika Plazako kioskoan, euri langarra ari zuelako, eta eguerdiko 12:00ak pasatxo zirela Txepelketari hasiera eman diote Alde Zaharreko tabernetan. Ohi bezala, buruz buruko herrikoia izan da, eta lehiakide bakoitzak kolore ezberdinetako gorbata bat jantzi egin du kantuan. Ondoren, ingurukoen gustukoenaren kolore bereko post-it bidez erabakitzen zuen lehia bakoitzeko onena.

Trikitilariekin girotuta, lagunartean eta poteoa girotzeko tenorean, bertsotan aritu dira. Baina batik bat bertso zitolariak izan dira, zirikatzaileak eta txantxatiak, eta oraindik ere plazarik ez dutenentzako korridore eroso bat. Ondoren, festak Urpekoak elkartean jarraituko du, bertan izango baitute bazkaria; eta bazkalostean Txepelketako finala.