Odolean daramate

Maria Maya Manterola-Gorka Eizagirre-Urtzi Oteiza 2023ko uzt. 21a, 12:23

Belaunaldiz belaunaldi iritsi da arraunarekiko grina gaur egunera. Familietako zaletasuna gakoa izan da kirolaren biziraupenean, eta horren adibide dira Makazaga, Errota eta Altxerri familiak.

Belaunaldiz belaunaldi iritsi da arraunzaletasuna gaur egunera. Sendia askotako tradizioa izan da arraunean aritzea, eta odolean daramate Urola Kostako herrietako zenbait familiak. 

Horren adibide dira Zarauzko makazagatarrak, Aiako errotatarrak eta Orioko Altxerri sendia. Etxean jaso dute zaletasuna, eta behin probatuta, katigatuta geratu dira kirolera. 

Ane eta Maddi Makazaga ahizpak duela hiru urte hasi ziren arraunean ZAEn, emakumezkoen trainerua osatu zenean. Aitona arraunlaria zuten, eta etxeko zaletasunaz gain, garrantzitsuak izan dira haientzat traineru hori osatu zuten emakumezkoak.  

Altxerri familia, berriz, arraunlari lotutako kasta izan da betidanik. Orion garaipen asko eskuratutakoak dira familia hortako aurreko belaunaldiak, eta haien lorratzei segika iritsi dira Eusko Label ligako Orioko trainerura Mikel eta Jon Lizarralde anaiak eta eta haien lehengusu Aritz Lizarralde. 

Orion hasi zuten arraun ibilbidea Aiako errotatarrek, baina elastiko morea daramate soinean egun hirurek denboraldi honetan. Libia traineruko tostetan dabiltza arraunean. 

Makazagatarrak tostakide Zarautzen

Ane eta Maddi Makazaga ZAEko arraunlariak, Zarauzko malekoian. (Maria Maya Manterola)

Maddi Makazagak (Zarautz, 1999) gogoan du Zarauzko Arraun Elkarteko emakumezkoen trainerua osatzeko nahia sortu zenean jaso zutela arraunean aritzeko proposamena. Bere ahizpa gaztea Ane (Zarautz, 2004) konbentzitu ondoren hasi ziren biak. 

"Ni eskubaloian aritzen nintzen orduan, eta gehiegizkoa iruditzen zitzaidan beste kirol batean hastea. Astelehenetan entrenatzen hasi ginen biok, eta katigatu egin ginen arraunera. Ordutik jarraitzen dugu", azaldu du ahizpetan gazteenak. Hasierako oroitzapenak "oso politak" direla dio, baina lehengo argazkiak ikustean "zorakeria bat" iruditzen zaio Aneri hartu zuten erabakia. Baja batzuk egon diren arren, taldeak aurrera jarraitzen duela aipatu du. Bere ahizpa ere iritzi berekoa da, eta haren ustez, taldeko denak aldi berean sorreratik egoteak lagundu egin zuen horretan. "Elkarrekin ikasi dugu, batak besteari lagunduz", azaldu du.

Talde hasiberriak arraunaz ezer gutxi zekien, Sarai Lizasok eta Onintza Olaizolak izan ezik. Horiek "asko lagundu" zutela dute gogoan bi ahizpek: "Olaizola entrenatzailea izan zen, eta Lizaso arraunean ibiltzen zen gurekin. Guretzako erreferenteak dira beraiek, eta trainerua osatzen zuten gainerako arraunlariak". 

Etxetik ere badatorkie arraunzaletasuna makazagatarrei, dena den. Beraien aitona Joxe Makazaga ZAEko presidentea eta klubeko laguntzailea izandakoa zen. "Denek esaten digute bere garaian lan handia egin zuela eta beti zegoela laguntzeko prest".  Arrauna "betidanik" jarraitu izan dute etxean, Maddiren arabera. "Begira balego gustura egongo litzatekeela esaten digute askotan", dio.

Azken bi urteotan tostakide dira bi ahizpak, eta gazteenaren esanetan, "konexio berezia" dago familiako kirolarien artean. "Etxean gaudenean entrenamentuei buruz hitz egiten dugu batzuetan", adierazi du. Maddik dio, konfiantzagatik, batzutan ahizpari "tokatu" egiten zaiola entzutea. 

Arrauna gora eta arrauna behera aritzen dira hizketan askotan ahizpak. "Ondo gaudenean, ondo; baina egun txarra izan badugu asko igartzen da afaritan", aitortu dute: "Bi pertsona muturtuta aise nabari da, baina garaipenekin geratzen gara. Familia osoak jarraitzen gaitu, eta uste dut polita dela ikustea zure bi alabak pozik hainbeste sufritu ondoren".

Denboraldiaren hasiera ez da "onena" izan, ahizpa gaztearen arabera: "Animikoki ere nahiko baxu gaude, baina egia esan, azken asteetan nahiko emaitza politak lortzea ari gara, eta entrenamenduetan ere ikusten da intentsitatea igotzen ari garela. Horrek ere animoak igotzen dizkigu". 

Datozen urteetan ere arraunean ikusten dute beren burua makazagatarrak, baina "ikusi egin behar" dela uste dute, "zaila delako gainerako gauzekin uztartzea". 

Oriotik San Pedrora jauzi egin duten hiru anaiak

Jon, Haritz eta Gorka Olasagasti. (Maria Maya Manterola)

Etxeko balkoian bandera horia duten arren, Libiako tostetan aritzen dira Errotata familikoak. Orio Arraunketa Elkartean ibiliak dira hiru anaiak, baina kolore moreak batu ditu oraingoan.

Haritz (Aia, 1987) patroia da, eta haren aginduetara egiten dute arraun Jon (Aia, 1983) eta Gorka Olasagastik. Patroiaren hitzetan, bi anaiak "bat gehiago" dira traineruan, nahiz eta "elkarri gauzak errazago esan". Beti ere "ondo" eta "gauzak hobetzeko helburuarekin", hala ere. 

Denboraldia "ondo" hasi zuen Libiak, baina "deskuidorik txikiena garesti" ordaintzen dela aitortu du patroiak. "Ilusio guztiarekin" irabazteko asmoz agertu da, dena den 
Elastiko morea dute soinean, baina  Oriora itzultzeko ametsa dute hirurek. Badakite ez dagoela beren esku soilik. Hala azaldu du Haritzek: "Hainbeste urtez utzita egon ondoren, San Pedron egotea ondo etortzen ari zait berriz ere puntuan egoteko eta neurria hartzeko. Patroi batek aukera gehiago dauzka itzultzeko, baina ikusiko da".  

Altxerritarren belaunaldi berria

Mikel, Aritz eta Jon Lizarralde. (Maria Maya Manterola)

Gazteak izanagatik, maila gorenean aritzen dira Aritz (Orio, 1994), Mikel (Orio, 2001) eta Jon Lizarralde (Orio, 1991). Orioko gizonezkoen traineruan, hain zuzen.  Lehengusua da Aritz; anaiak dira Mikel eta Jon. 

Altxerri ezizenez ezagutzen den familiako hirugarren arraunlari belaunaldia da. "Gure aita Jose Ramon eta Aritzen aitona Juanito anaiak ziren, eta 60ko hamarkadan aritu ziren arraunean. Migel Angel osabak ere Orion garaipen ugari eskuratu zituen, eta familiako beste lehengusu batzuk ere ibiliak dira", azaldu du anaietan zaharrenak. 

Etxean erreferente ugari izan dituzte lizarraldetarrek, eta lehengusua bera izan da horietako bat, anaia gaztearen hitzetan: "Beheko kategorietan nengoenean, Aritzek pausoa eman zuen lehen mailara, eta txikitan beti amesten nuen lehen taldera heltzearekin. Aritz han ikusita, bere pausoak segi nahi izan ditugu guk ere".

Futbolean ibiliak dira bi anaiak. Zaharrenak gogoan ditu, hala ere, aitaren aurreikuspenak. "Beti esaten zigun futbolean gozatzeko, bazekielako gero arraunean amaituko genuela. Nik futbolaria izan nahi nuen eta ez nuen ulertzen zergatik esaten zidan aitak hori, baina arrazoi zuen".  Hitz horiekin bat egin du lehengusuak ere. Izan ere, Aritzen arabera, "barrenean" geratzen da txikitan etxean jasotakoa.


Lehen mailaren ajeak


Familian jende asko biltzen du hiru senitartekoak traineru berean izateak, eta garaipenak oso politak izan arren, porrotek "gehiago eragiten" dute, lehengusuak azaldu duenez. 

Edonola ere, Mikel eta Jon anaiek igarotzen dute elkarrekin denbora gehien. Gazteenak uste du "oso antzekoak" direla arraunean, "zorrotzak", eta despisteren bat izanez gero, azaldu du ez dutela arazorik elkarri "zuzentzeko". "Baina ez da ohikoa izaten, biak oso langileak garelako", dio Mikelek. "Profesionaltasun osoz" egiten dute arraunean, haren hitzetan.

Bat dator bere anaia. "Diziplina eta entrenatzeko gogo aldetik ez dugu inoiz arazorik izan. Badakigu hau goi maila dela eta despiste batekin asko galdu daitekeela", aitortu du. 

Eusko Label ligan ez dabiltza nahiko luketen bezain fin.  Aitzakiak bilatzea izaten da errazena horrelakoetan, baina Mikelek argi du ardura beraiena dela: "Gurea da erantzukizuna, eta aitzakiarik gabe saiatuko gara buelta ematen". 

"Maniobratzeko denbora askorik ez" duten arren, hobetzen saiatuko direla azaldu du, berriz, bere anaiak.  Horretarako, garrantzitsua da harentzat taldean duten giroa: "Denboraldi hau gogorra egiten ari zaigu, baina esan eta esan ari gara talde ona daukagula. Zortzi hilabete pasatzen ditugu hemen entrenatzen, eta bi hilabete terdian jokatzen dugu dena. Garaipenan lehian egotetik bederatzigarren postuan egotera pasa gara, eta ez dugu arazorik elkarri gauzak zuzentzeko. Taldeko edonorekin ere sekulako harremana daukagu. Arrauna nahiko gogorra da, egunerokotasuna gogorra da, eta oso garrantzitsua da taldeko elkarbizitza. Zorionez, hemen oso ona da, eta benetan gustura etortzen gara".