Badago argia

Nerea Loiola - Berria 2023ko uzt. 28a, 12:00
Kandela argia. (Hitza)

Ondorengo iritzi artikulua idatzi zuen atzokoan Nerea Loiola idazleak Berria egunkariko Larrepetit atalean.

Ikasturteko 48. iritzi artikulua du hau idazleak, opor aurreko azkena. Mintzagaia aukeratzea tarteka erraza egin bazaio ere, lanak izan ditu gehienetan; azkenean beti asmatu du zertaz jardun. Gaur, pantaila zuriaren aurrean eserita, bakarraren faltan, ez daki zeri buruz idatzi. Hauteskundeei heltzeko bulkada sentitu du, aurretik esandakoak errepikatu besterik ez lituzke egingo ordea; euskararen afera ez da aldatu horri buruz idatzi zuen azken alditik, eta umeek ez diote amatasuna dardarka jarri azken astean. Literatura. Literaturak salbatzen du horrelakoetan. Gainera, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa amaitu berri du eta zer pentsatu ugari eman dio. Badaki, baina, luze hausnartzeko kontuak direla eta ez du horretarako astirik izan; ez du azaleko ezer idatzi nahi.

Horretan, senarra sartu da idazleak bulegotzat duen bikotearen logelara, arropa tolestu berriak armairuan jasotzera. «Zerbaiti buruzko aldeko iritzia ere eman dezakezu», esan dio hark ideia eske galdegin dionean eta ezer gaineratu gabe egin du alde. Bikotearen asmo oneko esaldian, baina, beste esaldi bat aurkitu du berak: iritzi negatiboak plazaratzen dituzu beti. Irailetik hona idatzitakoak begiratu ditu, ia denetan kritikatzen du zerbait edo norbait. Gogora etorri zaio nola Lertxundik kexaren kultura aipatzen duen liburuan: «Kexu gara guztiaz, salbu gure izaeraz, egintzez eta omisioez. Erantzukizuna beti besteari egoztearen alderik makurrena, konpromiso pertsonalaren esku-garbiketaz gainera, errealitatea maskaratzen duela».

Buruarekin ezezko keinua eginez aztertu ditu beste behin ere testuak. Uste du, edo uste izatea nahi du, plazaratu dituen kritika horien zirrikituetan badagoela argia, badaudela eguzki printzak diren pertsonak eta egintzak. Irribarretxoa egin zaio ikusi duenean artikulua —eta ikasturtea— errematatu dezakeela Lertxundiri irakurritako aipu batekin: «Mundua aldatzea, nire adiskide Santxo, ez da ez utopia ez eromena. Da, soilik, justizia!».