Santa Klararen erabilerarako proposamenak etzitik aurrera bidali ahalko dira

Mireia Galarza Bastida - Gorka Eizagirre - Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 2a, 12:30

Hilaren amaieran itxiko dute ekarpenak egiteko epea, baina herritar batzuk dagoeneko adierazi dute kamera aurrean zer egingo luketen. Parte hartze prozesuarekin batera ate irekiak ere izango dira komentua bertatik bertara ezagutzeko, astelehenetik larunbatera bitartean, egunero.

Zarauzko Udalak bizilagunen proposamenak jaso nahi ditu Santa Klara komentuaren etorkizuneko erabilera zehazteko, eta parte hartze prozesua zabalduko du horretarako. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek ostiraletik hilabetea amaitu arte bidali ahalko dituzte beren iradokizunak. Batzuek, ordea, dagoeneko egin dituzte beraienak Erlo telebistako mikrofonoaren aurrean.

Horrez gain, komeni da zehaztea komentua bertatik bertara bisitatzeko aukera izango dutela herritarrek aurrez aipatutako epean, ate irekiak zabalduko baitituzte astelehenetik larunbatera, egunero. Ordutegia honakoa izango da: asteazkenetan eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara, eta astelehen, astearte, ostegun, ostiral eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara.

Nolanahi ere, honakoa ez da ekarpenak jasotzeko udalak martxan jarriko duen parte hartze prozesu bakarra; izan ere, irailean herriko eragile eta sortzaileekin biltzeko asmoa ere badute.