Ensemble Soinuaren Bidaia Quintet taldeak abiaraziko du Udako Musikaldia

Aritz Mutiozabal 2023ko abu. 4a, 09:30

Topaketak diskoan oinarritutako emanaldia eskainiko du boskoteak, 20:00etan hasita, Santa Klara elizan. Gonbidapenak aurrez hartu behar dira Modelon.

Gaur arratsaldean abiatuko dute Udako Musikaldiaren 35. edizioa da, eta beste urte batez musika klasikoaz gozatzeko aukera izango da abuztuan zehar. Guztira, bost kontzertu antolatu ditu Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak, eta zikloa irekitzen lehena Ensemble Soinuaren Bidaia Quintet taldea izango da.

Topaketak izeneko kontzertua eskainiko du boskoteak, 20:00etatik aurrera, Alberto Urretxo tronboi-jotzailearen gidaritzapean. Izatez, taldearen hirugarren lan diskografikoa da Topaketak, Bilboko Elkarte Filarmonikoan grabatua duela bi urte, eta bertan jasotako piezak interpretatuko dituzte kontzertuan.

Udako Musikaldiko saioak doakoak dira, baina bertaratzeko gonbidapenak jaso behar dira aurrez, emanaldietako egunetan, Modelo aretoko txarteldegian, ondorengo ordutegian: 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:30era, hain zuen ere.