Zarauztarren doinuak

Olatz Azkueren doinuak

Erredakzioa 2023ko abu. 9a, 09:00
Olatz Azkue Zarauzko Kultura teknikaria (utzitakoa)

Zarauztarren doinuak atalaren barruan, udako oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna kanta jasotzen ari da Zarauzko Hitza. Hona hemen Olatz Azkue Zarauzko Kultura teknikariak osatu duen zerrenda.

  • Garraztasuna (Koska)


"Nerabezaroko oroitzapenak ekartzen dizkidan kantua da, musika kasetean entzuten genuen garaikoa. Koska euskal rockaren lehen belaunaldiko talde elgoibartarra da, 1974. urtean sortua. Euskarazko rockaren aitzindari izan ziren Errobirekin batera. Ruper Ordorikak Azukre koxkorrak diskoan kantu honen bertsio bat kaleratu zuen 2013an".

  • Baserriko neskatilak (OK Korral)


"Gaztaroko doinuak, dantza eta parranda doinuak. Rock-and-rolla, rockabillya, countrya euskaraz. Rock eta country talde zarauztar honetako taldekide Lou Olangua euskal rockaren lehenengotariko emakume abeslaria izan zen. Oholtzan askotan ikusteko aukera izan nuen eta ez zait ahaztuko. Zarautzen erritmoa jarri zuten".

  • El cuarto de Tula (Buenavista Social Club)


"Gustuko ditut doinu kubatarrak eta kubatar musikariak: Compay Segundo, Eliades Ochoa, Omara Portuondo… El cuarto de Tula kantua aukeratu dut opor bidaiak ekartzen dizkidalako gogora, autoan entzuten genuen kantuetako bat da, nire seme-alabek gaztelaniaz ikasi zuten lehenengo kantua seguruenik. Buena Vista Social Club Habanako (Kuba) klub sozial oso ezagun baten izena da. Klub horretako kideek dantza eta musika egiten zuten. 1990eko hamarkadan sortutako musika talde baten izena ere bada".

  • Jammu Africa (Ismael Lo)


"Afrikar musika eta musikari afrikarrak ere gustuko ditut. Putumayo Word Music diskoetxearen CD bilduma, Kotoja, Baaba Maal, Cesaria Evora… eta bat aukeratzekotan, Ismael Lo aukeratu dut eta bere kanta ezaguna den Jammu Afrika. Bakea Afrikan aldarrikatzen duen oihu urratzailea. Musikari eta margolaria, Nigerren jaio zen 1956an, baina haurtzaro eta gaztaro gehiena Senegalen eman zuen. Inguruan dituen gauzei eta eragiten dizkioten sentimenduei abesten die, oro har frantsesez, wolofez edo bere lurraldeko beste dialekto batzuetan. Bere soinua erritmo tradizional eguneratuen eta mendebaldeko elementuen nahasketa bat da. Horien gainean bere ahotsa nabarmentzen da, bizia, sedatsua eta hunkitua, bereziki baladak kantatzen dituenean".

  • Mañana (Silvia Perez Cruz)


"Ahal dudan guztietan zuzenean ikustera joaten naizen abeslaria da Silvia Perez Cruz, kontzertu guztiak baitira ezberdinak. Bere ahotsaz gain, bere naturaltasuna eta hurbiltasuna gustuko ditut. 2008. urtean ezagutu nuen Joan Diaz piano jotzailearekin grabatu zuen We sing Bill Evans diskoan, eta ordundik jarraitzen dut bere ibilbidea. Mañana kantuaren letra Ana Maria Moix poetarena da, eta  Silvia Perez Cruzek kantatzen duen modua asko gustatzen zait, ahotsa orkestra bilakatzen baitu".