Azkenean gaur arratsaldean egingo dituzte Dandak antolatutako pala eta tortilla txapelketak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 8a, 09:02
Udanda egitasmoaren barruan uztailean egin zuten Futbito Txapelketa Mistoa. (Jabi Gonzalez Toston)

Photomuseumaren kanpoaldean dagoen Villa Manuelako frontoian izango dira bi lehiaketak. Berez, abuztuaren 4an ziren egitekoak txapelketok.

Danda gazte asanbladak abuztuaren 4rako zituen antolatuta Pala Txapelketa Mistoa eta Tortilla Txapelketa, baina egun batzuk atzeratzea erabaki zuten, eta hala, gaur arratsaldean egingo dituzte bi lehiaketak. Ordua eta tokia mantendu egin dituzte:  16:30etik aurrera Photomuseumaren kanpoaldean dagoen Villa Manuelako frontoian dira hitzorduak.

Gazteen udako aisialdiaz hausnarketa egin ondoren uztailerako eta abuzturako prestatu duten Udanda egitasmoaren barruko ekitaldiak dira, eta azkenak izango dira hilaren 19an, larunbata, egingo duten Udanda egun handiaren aurretik.

Aurrena kirola, gero mokadua

Aurrena pala txapelketa egingo dute; neska batek eta mutil batek osatutako bikoteak izan beharko dute partaideak. Kirol saioa bukatzean ekingo diote Tortilla Txapelketari, eta antolatzaileek jakinarazi dute taldeetako bakoitzak bere materiala eraman beharko duela frontoira tortilla bertan egiteko.

Amaitzeko, afaria egingo dute txapelketara aurkeztu dituzten tortillekin. Horrez gain, pikatzeko bestelako jakiak eta edariak ere izango dira.