Alerta gorriaren aurrean, freskura bila

Maialen Etxaniz - Intza Trula - Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 9a, 15:00

Beroagatik alerta gorria ezarri dute Hego Euskal Herrian, eta tenperatura altuak dira gaurko protagonista nagusiak. Horien aurrean eskualdeko herritarrek igerilekuetara eta hondartzetara jo dute, beroari aurre egiteko. Euskal Meteorologia Agentziako metereologoan arabera, EAEko historiako egunik beroenetako bat izango da gaurkoa. Arratsaldeko azken orduetatik aurrera, zaparrada trumoitsuak bota ditzake, eta kostaldean enbata arriskua izango da. 

Termometroek nabarmen egin dute gora gaur, eta egun guztian zehar beroa izango da protagonista, eta eskualdeko herritarrek igerilekuetara eta hondartzetara jo dute goizean goizetik. 11:00etarako jende ugari zegoen Urola Kostako hondartzetan. Orion, Zumaian eta Zarautzen jende ugari bildu da hondartzan. Azkoitiko eta Azpeitiko igerilekuak pixkanaka bete dira, baina jende ugarik jo du horietara freskotasun bila. Beste hainbatek nahiago izan dute leku lasaiagoetara jo feskatzera.

Hego Euskal Herrian alerta gorria ezarri dute beroagatik, eta tenperatura beroenak 40 graduren bueltan egotea aurreikusten du Euskalmetek. Hain zuzen, tenperatura maximoak 40  graduren bueltan ibiliko dira barnealdean eta 35 graduren inguruan kostaldean. Euskal Meteorologia Agentziako metereologoan arabera, EAEko historiako egunik beroenetako bat izango da gaurkoa.

Arratsaldeko azken orduetatik aurrera, zaparrada trumoitsuak bota ditzake, eta ekaitz-eremu horietan haize-boladak oso indartsuak izan daitezke. Dena den, gauera arte ez du freskatzen hasiko. Beroa tarteko, baso sute arriskua eta kostaldean enbata arriskua iragarri ditu Euskal Meteorologia Agentziak.