Euskal Astea 2023

Eguraldiari beldurrik gabe, haurrak jai betean murgildu dira

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 3a, 14:00

Haurren Euskal Jai Eguna da gaur, eta hainbat eta hainbat neska-mutiko jantzi dira baserritarrez. Dantzarien eguerdiko emanaldiak herritar dezente bildu du Lege Zaharren enparantzan.

Atzoko eguraldi txarrak tregua eman du, eta nahiz eta tarteka euri txikia egin, herriko txikienak inolako arazorik gabe ospatzen ari dira beraien Euskal Jai Eguna. Gaur beraiek dira protagonistak, eta asko izan dira baserritar arroparekin kalera irten direnak giroaz gozatzera.

Urteroko moduan, dantzarien bilkura eta saioak izan dira goizean, eta eguerdian emanaldi nagusia eskaini dute guztiek batera, Lege Zaharren enparantzan. Aurten, Jalgi dantza taldearekin batera, Oñati, Mutriku, Zumarraga eta Usurbilgo taldeek hartu dute parte.

Ospakizunek arratsaldean jarraituko dute, baina Iñurritzako zelaian. Lehenik eta behin, kalejira irtengo da 17:30ean Musika Plazatik,  buruhandi, erraldoi, Zarautz Trik eta Ustekabe txarangarekin. Behin Iñurritzan, erromeria eta puzgarriak izango dira