Euskal Astea 2023

Maren Galvezek eta Gorka Granadok irabazi dute Helduen Binakako Dantza Txapelketa

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 5a, 13:08

11 bikotek parte hartu dute Modelo aretoan jokatutako txapelketan. Bigarren saria eta jantzi onenarena, Oiartzun-Lezoko Katerin Artolarentzat eta Iker Belintxonentzat izan dira; hirugarren eta laugarren sariak, berriz, Azpeitira joan dira.

Euskal Astearen barruan, Helduen Binakako Dantza Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldean Modelo aretoan, eguraldi iragarpen kaskarragatik Lege Zaharren Enparantzatik hara lekualdatu baitzuten ekitaldia. 11 bikotek parte hartu zuten lehiaketan, puntuagarriak ziren fandango eta arin-arin dantzatu zituzten haietako bakoitzak, eta epaimahaiak ebatzi zuen denetan onena Lezo (Gipuzkoa)-Sopelako (Bizkaia) Maren Galvezek eta Gorka Granadok osatutako bikotea izan zela. 200 euroko diru saria, txapela eta trofeoa jaso zituzten Xabier Txurruka alkatearen eskutik. 

Bigarren saria –200 euro– Oiartzun (Gipuzkoa)-Lezoko Katerin Artolarentzat eta Iker Belintxonentzat izan zen; hirugarrena –160 euro–, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrentzat; eta laugarrena –150 euro–, Alaia eta Amets Amubietarentzat, azpeitiarrak horiek ere. Jantzi onenari saria, berriz, Artolari eta Belintxoni eman zioten.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Hona hemen atzoko txapelketaren bideoa, osorik: