Euskal Astea 2023

Euskarari gorazarre, kantuan eta arraunean

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 6a, 11:00

Zatoz Irulegira jaialdia eskaini zuten atzo iluntzean herriko kultur taldeek, jendez bete zen Lege Zaharren enparantzan.

Urtero bezala, Euskal Astearen barruan, herriko hainbat kultur taldek jaialdia eskaini zuten Lege Zaharren enparantza. Zatoz Irulegira izenburupean euskara izan zuten ardatz, eta batik bat Julen Zulaikak iazko ikuskizunean botatako bertsoa abiapuntu, aurkezle lanetan aritu zen Imanol Epeldek herritarrei azaldu zien bezala.

Kalejiran iritsi ziren parte hartzaileak oholtzaren eremura, eta ekitaldiari Arrai Zopak eman zion hasiera kantu aski ezagunak abestuz. Publikoa ere kantuan jarri zuten. Jarraian, Montetxio koruak, Txapasen gidaritzapean, Xabier Leteren abesti bat interpretatu zuen. Herriko taldeen pieza eta pieza artean Jalgiko dantzariek erakustaldi dotoreak eskaini zituzten, herritarren gozagarri. Alprojako kideek sketch bat egin zuten egunerokoan horren erabiliak diren erdarazko esamoldeak agerian utzita, eta Elaia Garciak eta Karmele Martiarenak kontakizun-kantu bidez Irulegiko eskua aurkeztu zuten.

Amaieran, herriko ikastetxeetako txikiak igo ziren oholtzara Enbata-ren aldeko ereserkia abestuz arraun egitera, eta ginga jartzeko, Juan Mari Iturria fraideak abestu zuen guztien laguntzarekin. Emanaldian Zarautz Trik kultur elkarteko ikasleak eta herriko txistulariek ere hartu zuten parte. Bestalde, ikuskizun lantzen Ainhoa Agirreazaldegi, Nerea Loiola eta Xabi Aizpurua aritu dira.