Euskal Jai Egunaren harira, garbiketa zerbitzua indartuko du Zarauzko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 7a, 08:00
Kale garbiketa zerbitzuko ibilgailu bat, malekoian.

Jende gehien elkartzen den guneetan lanean ibiliko dira garbiketa zerbitzuak asteburu honetan, eta edukiontziak ere jarriko dituzte herriko hainbat txokotan bereziki egun horretarako, Iban San Martin Zerbitzuen zinegotziak azaldu duenez.

Larunbat honetan ospatuko da Euskal Jai Eguna, eta Zarauzko Udalak bere garbiketa zerbitzua indartuko du, Iban San Martin Zerbitzuen zinegotziak azaldu duenez. Hala, 06:00etan hasiko dira garbiketa zerbitzuak lanean, eta Zarautz osoa zeharkatuko dute, "jende kopuru gehien biltzen duten guneetan bereziki erreparatuz, hala nola, malekoia, Alde Zaharra nahiz Iñurritza". Hogeita hiru langile ariko dira garbiketa lanetan.

Udalak edukiontziak ere jarriko ditu jende gehien aurreikusten den guneetan; esaterako, Munoan, Iñurritzan eta Lege Zaharren enparantzan.

Gainera, kale garbiketa zerbitzuaz gain, Lorezaintza zerbitzuaren ELAI enpresa esleipendunak lau langile eta bi kamioneta izango ditu herriko gune berdeak eta lorategiak garbitzeko, eta Urola Kostako Udal Elkarteak egiten duen hondakinen jasoketa zerbitzua eta Zarauzko hondartzan Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen garbiketa ere indartuko dituzte egun horretan.