Euskal Astea 2023

Irati Arzelus eta Mirari Plazaola garaile Trikitilari Gazteen Txapelketan, hirugarrenez jarraian

Jabi Gonzalez Toston - Urtzi Oteiza 2023ko ira. 7a, 13:30

Lau bikotek hartu dute parte aurtengo ekitaldian eta berriro nagusitu dira pandero-jole arrasatearra eta trikitilari lazkaotarra. Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi azkoitiarrak sailkatu dira bigarren. Saioa osorik dago ikusgai.

Irati Arzelus trikitilari lazkaotarrak eta Mirari Plazaola pandero-jole arrasatearrak irabazi dute aurten ere Zarauzko Euskal Astearen barruan antolatutako Trikitilari Gazteen Txapelketa. Hala, hirugarren urtez erreskadan nagusitu dira eta 250 euroko saria, txapela eta trofeoa jaso dituzte.

Txapelketaren 43. edizioa izan da aurtengoa eta atzo jokatu zuten Lege Zaharren Enparantzan. Orotara lau bikotek hartu zuten parte eta Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi azkoitiarrak izan ziren bigarren postuan sailkatu zirenak. Jaso zuten saria 175 eurokoa izan zen. Beste bi bikote parte hartzaileak, bestalde, ondorengoak izan ziren: Ane Urbieta zestoarra eta Maialen Larrañaga azpeitiarra; eta Ianire Segurola hernaniarra eta Elaia Diaz astigartarra.

Erlo telebistak osorik grabatu zuen atzoko saioa eta ikusgai dago jada.

Argazkiak: Ibon Errazu eta Urtzi Oteiza