Euskal Astea 2023

Tradizioaren orgari tiraka

Unax LarraƱaga - Gipuzkoako Hitza 2023ko ira. 8a, 16:45

Iazko orga lehiaketara aurkeztutako taldeetako bat. (Aitziber Arzallus)

Biharko euskal jairako orga lehiaketa antolatu du Zarauzko Udalak. Han izango dira Iñigo Arrillaga eta Joxe Mari Zuazobide zarauztarrak. Orgak egiteko tradizioari eusteko grina dute biek.

Euskal Asteari amaiera biribila emanez, euskal jaia ospatuko dute bihar zarauztarrek. Zarauztarrentzat, herriko kaleak euskal dantzaz, trikiti doinuz, antzerkiz eta tradizioz betetzen diren egun handia da euskal jaia, eta udako oporren hondarrean festaz gozatzeko aukera izan ohi da.

Urtero, egitarau oparoa izan ohi dute jaiek; trikiti, bertso nahiz dantza txapelketek jende ugari biltzen dute Euskal Astean, eta euskal jaiak herriko nahiz eskualdeko festazaleak biltzen ditu Zarautzen. Bihar ere, goizean goiz, dianarekin esnatuko dira herritarrak, eta ez da musikarik faltako egun osoan, trikiti, pandero, txistu, dultzaina eta joaldunen joareen doinuek hartuko baitute herria. Aurten ere egingo dute orga lehiaketa, eguerdian, Lege Zaharraren enparantzan, eta, urteroko legean, han izango dira Iñigo Arrillaga (Zarautz, 1977) eta Joxe Mari Zuazobide (Zarautz, 1947).

Karroza handiak egiten hasi zen Zuazobide 1980ko hamarkadan, eta, gaur egun orgak egiten dituen arren, argi du "lanketa bereziagoa" eskatzen dutela karrozek. Haien falta sentitzen du: "Lehen, egun berezia izaten zen euskal jaia; karrozak ateratzen genituen, familian egoteko unea izaten zen… Pena ematen dit karroza handiak egiteko tradizioa galdu izanak". Hala ere, orga lehiaketan parte hartzeko asmoa du aurten, "tradizioari heltzen" saiatzeko. "Ez da karrozarekin ateratzearen sentsazio bera, baina gustura ibiltzen naiz orgekin ere".

Juan Mari Zuazobide 2019ko orga lehiaketan, hark aurkeztutako lanarekin. (Zarauzko Hitza)

Umetako oroitzapenak

Arrillagarentzat ere "egun berezia" izaten da euskal jaia. Gogoan du txikitan karrozak ikusten zituztenean sentitzen zuten zirrara: "Karrozak aparkatzen zituztenean, barruan sartu eta jolasean ibiltzen ginen. Betidanik izan dut festa honekiko lotura moduko bat". Zuazobide bezain beteranoa ez den arren, Arrillagak ere badu urte batzuetako esperientzia.

2010. urtean egin zuen lehenengo aldiz orga, kuadrillakoen seme-alabak eta janaria zein edaria garraiatzeko asmoz. 2016an egin zuten, berriz, lehenengo aldiz orga lehiaketa, eta, urte batean salbu, gainerako guztietan eurek irabazi dute lehiaketa. Arrillagak, dena den, lehiaketan ez du parte hartzen saria irabazteko asmoz, nahiz eta ondo datorkien sortzen diren gastuak enpazteko. "Ilusioak" bultzatzen ditu orgak egitera.

Urtero orga desberdina egiteko beharra azpimarratu dute biek, ez baitute gustuko jendeak beti orga bera aurkeztea. Zuazobiderentzat "galdu" egin da sormen prozesu hori, eta batzuek orga lehiaketa “kaleko edana doan egiteko aitzakia moduan” hartzen dutela dio.

Iñigo Arrilaga, taldean, iazko orga lehiaketan. (Utzitakoa)

Orga bakoitza berezia izaten da, euskal kultura gai nagusitzat hartuta hainbat motatako usadio edo tradizioak irudikatzen dituztelako. Orgaren itxuraren aurrerapenik eman ez duen arren, Arrillagarentzat "berezia" izango da aurtengoa. Zuazobidek ere "beti" eduki izan du euskal kultura kontuan karrozak nahiz orgak egiteko orduan. Sagardotegia, garbitokia, baserriko lanak eta jostunak izan dira, besteak beste, bere karrozetako gaietako batzuk. "Arrillagak aurreko urtean egindako garbitokia asko gustatu zitzaidan", esan du Zuazobidek. "Lan txukuna egin zuen. Eta Jose Luis Lasak egindakoak ere gustuko ditut. Poza ematen dit batzuek aspaldiko tradizio hau bizirik mantentzen dutela ikusteak".

Karrozen erakusketa

Datorren urtean ehun urte beteko ditu Zarauzko euskal jaiak, eta Zuazobidek argi du urteurren hori ospatzea gustatuko litzaiokeela: "Urte hauetan guztietan eginiko karrozen maketak gordeak ditut tailerrean, eta erakusketa bat egitea gustatuko litzaidake, jendeari gordeak ditudan argazkiak, egunkari zatiak eta maketak erakusteko".

Dagoeneko Zarauzko Udalarekin hitz egin duela jakinarazi du Zuazobidek, eta bera jaiaren parte izatea gustatuko litzaiokeela gaineratu du. "Jendeari usadio honen historia azaltzea gustatuko litzaidake, karroza bakoitzarekin izandako abenturak azalduz".