Euskal Astea 2023

Julen Manterolak eta bere taldeak irabazi dute Euskal Jai eguneko orga lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 9a, 17:07

Bigarren saria Thelia Illarramendi eta haren lagunentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Iñigo Arrillaga eta lagunentzat.

Beste behin, zarauztarrek irudimen erakustaldia egin dute Euskal Jai eguneko orga lehiaketaren harira. Era askotako orgak eraiki, apaindu eta aurkeztu dituzte Zarauzko Udalak antolatzen duen txapelketara, eta aurten lehenengo saria Julen Manterola eta bere taldearentzat izan da. Gustakotegi jarri diote izena orgari, eta sagardotegi bat irudikatu dute. Pozarren jaso dute 300 euroko txekea Leire Arana zinegotziaren eskutik.

Bigarren saria Thelia Illarramendi eta haren taldearentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Iñigo Arrillaga eta haren kideentzat. Aristerrazuko erromeria irudikatu dute azken horiek.

Udalak sari gehiago ere banatu ditu: Asier Aizpurua, Asier Oñederra eta Amaia Zuazobideren taldeentzat izan dira 150 euroko sariak, eta Itsaso Teres, Pedro Miguel Chico, Maider Rafales eta Ion Marquezen taldeentzat, berriz, 100 eurokoak.

13:30ean izan da sari banaketa Lege Zaharren enparantzan, eguzki galdatan.