Euskal Astea 2023

Goiztarrak taldeak jendetza elkartu du beste behin Frontoi Txikin

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 9a, 18:35

Goizean goizetik ibili da taldea herria girotzen trikitilariekin batera, eta Meza Nagusiaren ondoren, Frontoi Txikin urteroko ekitaldia egin dute: pilota partida aurrena, Angelusa gero, eta amaitzeko, bertso saioa eta sokatira lehia.

Euskal Jai eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da Goiztarrak taldeak gauzatzen duena. Goizean goiz hasten dira kalez kale herria girotzen trikitilarien laguntzarekin, garai bateko arropak soinean, eta Frontoi Txikin egiten dute ekitaldia, Frantziskotarren elizan Meza Nagusia amaitu bezain pronto.

Eguzkiak gogor jotzen zuen gaur goiz-eguerdian Frontoi Txikin, baina lau pilotariak jo eta su aritu dira eskuz binakako partidan, goraino bete den ikusleen gozamenerako. Markagailuak lehia estua adierazten zuen –8-7, 13-11, 18-13, 21-17–, eta halaxe aritu dira. Azkenean, 22-17 gorriek irabazi dute, azken tanto dotorea eginda, dejadaz.

Partidaren erdian, 12:00etan puntuan, Goiztiarreko apaizak Angelusa errezatu du, eta partidaren amaieran, berriz, ohi bezala, bertso saioa eskaini dute herriko bertsolariek.

Ekitaldia sokatira lehiarekin amaitu dute.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Ibon Errazu)