Euskal Astea 2023

Arratsaldean ere, musika eta dantza jaun eta jabe

Intza Trula 2023ko ira. 9a, 19:29

Arratsaldean ere izan dute zarauztarrek eta Euskal Jaietara gerturatu diren bisitariek musikaz gozatzeko beta. Munoa, Musika Plaza eta Iñurritza jendez bete dituzte Debrass Band txarangak eta Bide Batera taldeak, besteak beste. 

Zarauzko Euskal Jai eguna aurrera doa eta arratsaldean zehar ere izan dute herritarrek dantzarako tartea. Beroari aurre eginaz, Munoan Debrass Band txarangak dantzan jarri ditu bertaratu diren guztiak, eta, ondoren, festak Iñurritzako zelaian izan du jarraipena, Bide Batera erromeria taldearekin.

Egunari amaiera borobila emateko txosnetako kontzertuez, Musika Plazako erromeria emanaldiaz eta Munoako dantzaldiaz gozatzeko aukera izango dute herrian.

Honakoa da geratzen diren emanaldietarako egitaraua:

  • 20:00. Kontzertuak txosnetan: Baloom Frame eta Euskoprincess. Ondoren DJ Landermarez eta DJ Tikka Masala.
  • Ordu berean, Iñurritzan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
  • 20:30. Kalejira, Iñurritzatik Musika Plazara.
  • 22:00. Munoan, dantzaldia Oxabi taldearekin. 22:30. Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.