Ikusmina sortu du Zirika euskara elkartearen aurkezpenak

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 15a, 13:30

Atzo egin zuten Gaztelekuan Zirika euskara elkartearen aurkezpen saioa. Bertan, elkartearen nondik norakoak azaltzeaz gain, euskararen bueltan Zarautzen sortu dituzten ekimenen errepasoa egin zuten, baita euskararen inguruko datu esanguratsuak aipatu ere. 

Herritar asko gerturatu zen atzo Gaztelekuko azken solairuan Zirika euskara elkarteak egin zuen agerraldira, bai gerturatu ere, goraino bete baitzuten gela. Bertan izan ziren, besteak beste, herriko hainbat kultur eta gizarte eragileetako kideak, baita udal ordezkari batzuk ere; hala nola, Irune Urbieta Euskara zinegotzia eta Itziar Murua EH Bildu udal taldeko bozeramailea. Aurkezpena egiteaz, aldiz, Imanol Epelde, Jesus Mari Olaizola Txiliku, Goizane Arana eta Marian Galarraga arduratu ziren. 

Epelde izan zen hitza hartzen lehenengoa. Bere esanetan, bi arrazoi izan dira elkartzera eraman dituztenak: kezka eta ardura. Lehen arrazoiari dagokionez, "hizkuntzaren radarra piztuta" izaten dute une oro, euskararen erabilerarekin kezkatuta. Eta zera gaineratu zuen: "Euskarak badu lotura gizartea eraldatzearekin, eta prozesu horretan protagonista izatea dagokigu". Bigarren arrazoi bezala ardura aipatu zuen Epeldek. "Axolagabekeria da inguratzen gaituen gizartean gailentzen ari den joera, eta hizkuntza erdigunean jarri beharko genuke arduraz, horrek lagunduko baitigu gizartea eraldatzen", azaldu zuen. 

Jarraian, Txilikuren txanda izan zen, eta bera arduratu zen azken urteetan Zarautzen euskararen bueltan sortu diren ekimenak azaltzeaz. Bere hitzetan, euskarari "merezitako duintasuna emateko" elkartu ziren hainbat pertsona orain dela 50 bat urte, benetan pentsatzen zutelako euskaraz bizi zitekeela. Hori horrela izanda, Euskara Zarautzen taldea sortu zutela azaldu zuen idazleak, jendeari euskarazko zerbitzuak eskaini ahal izateko: euskaraz idatzi, euskaraz menuak jarri, oharrak sortu...

Zirikatzeko nahia

Goizane Aranak euskararen erabilerari buruzko dezente datu eman zituen, eta azaldutakoaren arabera, kaleko erabilera datuak berdintsu mantendu dira azken hamar urteotan herrian. Azpimarratu nahi izan zuenez, gazteenek gehiago hitz egiten dute euskaraz Zarautzen helduek baino. "Dena den, datu asko daude hobetzeko, eta Zirikak horietan guztietan zirikatu nahi du", gehitu zuen. 

Azkena hitz egiten izan zen Marian Galarraga, eta berak eman zituen Zirikari buruzko azalpenak. Taldekideak elkartzen dituen elementua "euskararekiko maitasuna" dela adierazi zuen berak, eta helburua "ondo pasatzea eta euskaraz gozatzeko espazio erosoa sortzea" direla azaldu zuen. "Agerian jarri nahi ditugu herrian euskarari dagokionez dauden hutsuneak, eta horiek hobetzen saiatu", azpimarratu zuen.

Aditzera eman zuenez, Zirika talde "anitz eta irekia" da, eta horregatik, herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte. "Denentzako moduko lantxoak daude, ez dago sekulako konpromisorik hartu beharrik".  Amaieran, elkarren artean solasean jarduteko aukera izan zuten mokadutxo batzuk jaten.