Azaroak 25

Indarkeria Matxista Elkargunea sortu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 26a, 17:00

Emakumeen* etxeko sarreraren atea. (Zarauzko Hitza)

Emakumeen Etxearen ekimena da eta zalantzak eta kezkak partekatzeko gune seguru bat eskaini asmo die indarkeria pairatu duten herriko emakumeei. Kafe tertulia ere antolatu dute datorren astelehen arratsalderako.

Hainbat indarkeria mota pairatu dituzten emakumeei zuzendutako zerbitzua jarri du martxan Zarauzko Emakumeen Etxeak: Indarkeria Matxista Elkargunea. Zehaztu dutenez, asteazkenero 12:00etatik 13:30era egiten biltzen dira apiriletik eta herriko hainbat emakumek hartzen dute parte. Emakumeen Etxearen esanetan, saioa baliagarriak zaizkie "zalantzak eta kezkak argitzeko, erantzunak aurkitzeko, beldurrak eta bestelako emozioak prozesatzeko, entzunak eta errespetatuak izateko, babesa emateko, laguntzeko eta indarkeriatik, tratu txarretatik eta umiliaziotik nola atera ikasteko".

Beste hainbat herritako Emakumeen Etxeetan ere aritzen den Maider Andonegi psikologoak bideratzen ditu saioak eta gune ireki eta askea eskaintzen diete erabiltzaileei, non konfidentzialtasuna zaintzen duten. Halaber, haien erritmoa errespetatzen dute eta bakoitzaren errealitate pertsonalera, baliabideetara eta indarguneetara egokitzen dira; izan ere, helburua da indarkeria pairatu duten emakumeei laguntzea autonomoagoak izaten beren egunerokoan erabakiak hartzeko, indarkeria gabeko bizitza bat edukitzeko, eta, bizitza kalitatea hobetzeko, azken batean. Nolanahi ere, informazio gehiago nahi izanez gero, Emakumeen Etxearen atari digitalean aurkitu dezakete interesdunek.

Horrez gain, azaldu dute urriaren 2an, astelehena, Indarkeria matxistako bizipenei aurre egiten kafe tertulia egingo dutela Emakumeen Etxean, era berean. 18:30ean izango da.