Zelai III.ak nagusitasunez irabazi du Bi Harri Txapelketa, egundoko marka berria ezarrita

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 1a, 10:15

Ainitze Zumeta izan zen errekorra egiten lehena, baina erregistro berriak gutxi iraun zuen; izan ere, mallabitarrak berehala hautsi baizuen 41 altxaldirekin. Gizonezkoetan, Urra izan zen berriz ere txapeldun, baina Paulo Azpizuk gauzak zail jarri zizkion; 26na jasoaldi egin bazituzten ere, zarauztarrarentzat izan zen garaipena pisu gutxiago duelako.

Ikuskizuna bermatutzat jotzen zuten antolatzaileek, baina aurreikuspen guztiak gainditu zituen atzo arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan bizitakoak. Bosna emakume eta gizon lehiatu ziren Zarauzko Bi Harri Txapelketan, Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrekin, eta iazko txapeldunek, Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Mikel Lopetegi Urrak, garaipena berretsi baldin bazuten ere, titulua nola defendatu zuten izan zen gakoa. Gisasolak berak iaz ezarritako marka zortzi altxaldirekin hobetu zuen, eta Urra, aitzitik, berriz, berdinduta geratu zen Paulo Azpiazurekin, baina zarauztarrak pisu gutxiago duenez, berak jantzi zuen txapela.

Lehia bizia eta dotorea jarraitzeko aukera izan zen emakumeetan, batik bat, Aintzine Zumetaren eta Gisasolaren artean. Une honetan, harri baldarrarekin ondoen moldatzen diren bi harrijasotzaileak dira. Zumeta konfiantzaz plazaratu zen, abuztuan Uliako Harria irabazita, eta bere txanda hasi bezain pronto, nabarmendu zen lan polita egitera zihoala. Eta halaxe izan zen: Gisasolaren iazko 33 jasoaldiko errekorra hautsi zuen, 37 altxaldian utzita. 

Horrek nolabaiteko presioa uzten zion mallabitarrari, baina lasai antzera ekin zion harriak jasotzeari. Erritmo egokian, txukun-txukun, aurrera egin zuen, eta konturatzerako bere marka ondu zuen lehenik, eta ondoren Zumetarena. Azkenean, 41 altxalditara iritsitakoan, eta oraindik lanak bukatzeko segundoren batzuk falta zirela, leher eginda eta guztiz hunkituta, bere aita besarkatu zuen pozarren.

Gainerako parte hartzaileei dagokionez, 15 urteko Maddi Gesalagak egundoko saioa egin zuela 21 altxaldi lotuta, Eider Garcia Duranak 27 jasoaldi  egin zituela bere estreinaldian eta Lierni Osak 31 altxaldi erdietsi zituela, bere marka sobera hobetuz.

Berdinketa gizonek

Berdinduta geratu ziren Urra eta Azpiazu, 26 altxaldirekin, baina zarrauztarrak osintxuarrak baino kilo gutxiago dituenez, txapela berretsi zuen. Edonola ere, oso bestelakoa izan zen bataren zein bestearen jarduna. Azpiazuk 22 altxalditan zuen bere marka, eta lau gehiagorekin hobetu zuen, lan konstantea eginda. Urra, ordea, nahiko urruti geratu zen bere 31 altxaldiko errekor horretatik. Gainera, azken minutuetan galduta eta beteta ikusi zitzaion: Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a entrenatzailea eta ingurukoak animatzen aritu zitzaizkion, baita zenbat altxaldi behar zituen esaten ere txapeldun izateko.

Bigarren kosta batean geratu ziren Xabat Olaizola eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, orpoz orpo, 20 eta 19 altxaldirekin. Bosgarren Gari Garmendia idiazabaldarra izan zen, bere debutean 14 jasoaldi lortu zituela. Gainerakoan, herri kirol zale dezente bertaratu zen Aritzbatalde kiroldegira, eta gogotik gozatu zuten hamar harrijasotzaileek eskaizi zuten erakustaldi ederrarekin.

EMAKUMEEN SAILKAPENA
1. Karmele Gisasola Zelai III.a: 41 jasoaldi (20 Jai Txiki eta 21 Mollarri)
2. Ainitze Zumeta: 37 jasoaldi (19 Jai Txiki eta 18 Mollarri)
3. Lierni Osa: 31 jasoaldi (16 Jai Txiki eta 15 Mollarri)
4. Eider Garcia Durana: 27 jasoaldi (14 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
5. Maddi Gesalaga: 23 jasoaldi (11 Jai Txiki eta 12 Mollarri)

GIZONEN SAILKAPENA
1. Mikel Lopetegi Urra: 26 jasoaldi (13 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
2. Paulo Azpiazu: 26 jasoaldi (13 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
3. Xabat Olaizola: 20 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 10 Mollarri)
4. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 19 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 19 Mollarri)
5. Gari Garmendia: 14 jasoaldi (7 Jai Txiki eta 7 Mollarri)