Bihotzez elkartearen aldeko martxarekin hasi da Itxasmendiko jaien azken eguna

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 1a, 13:41

Dozenaka lagunek egin dute martxa solidarioa herrian zehar, eta lasterketan ere kuadrillatxoa animatu da parte hartzera. Puzgarriak, tortilla patata txapelketa, herri kirol ikuskizuna nahiz Jalgiren dantza emanaldia izango dira eguerditik aurrera auzoan, iluntzean San Migel jaiei agur esan aurretik.

Bihotz formako globo gorriz bete da gaur goizean Itxasmendi auzoa, eta trikitilarien laguntzarekin, Bihotzez elkarteak bosgarrenez egin du martxa solidarioa herrian barrena. Adin guztietako dozenaka lagun elkartu dira tipi-tapa Itxasmenditik atera eta golf ondotik malekoira eginez, herrian 4,9 kilometroko zirkuitua osatu eta berriz auzora itzultzeko.

Ondoren, korrikalarien txanda izan da. Horiek 5,5 kilometroko ibilbidea egin dute, eta kuadrillatxoa elkartu da eguzki galdatan korrika egiteko prest. Dena den, elkartasuna adierazi nahi duenak aukera du, gaur gauerdira arte, 0 dortsala erosiz Bihotzez elkartearekin bat egiteko.

Bitartean, auzoko umeek puzgarriez gozatzeko aukera izan dute, eta arratsaldean ere martxan izango dira horiek.

Festako azken orduak aprobetxatu nahi dituenak honakoa du gaurko egitaraua:

  • 12:45.Herri Kirolak Izeta Harrijasotzaile eskolaren eskutik.
  • 14:00. Tortilla eta Toka txapelketetako sari banaketa.
  • 15:00-16:30. Puzgarriak.
  • 16:00-17:00. Jalgi dantza taldearen erakustaldia.
  • 17:00-19:00. Dantzaldia Dantzatzeko Prest.com taldearen eskutik.
  • 19:30. Jaien amaiera.

Aurrenekoz, parrilla

Itxasmendin jende berria sartu da aurten festa batzordean, eta besteak beste, aurreneko aldiz parrilla jarri dute txosnagunean, afariak eta emateko. Hala, ostiral gauean oilasko hegalak eta hanburgesak jateko aukera izan zen, atzo gauean txerri saiheskia eta hot dog-ak, eta gaur eguerdian, azken eguna izanik, denetarik eskainiko dute.

Antolatzaileek esan dute "harrera oso ona" izan duela berrikuntzak, eta aitortu dute eguraldiak ere lagundu duela, "gau giro onak" izan dituztelako asteburuan.

"Gazte jendea erakarri" nahi dute batzordera, aurrera begira indar gehiago izateko, eta interesa dutenak, beraz, beraiekin harremanetan jartzera animatu dituzte.