Epaimahaiak Lizardi Saria eman gabe uztea erabaki du aurten

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 2a, 14:00

Alex Gurrutxagak, Castillo Suarezek eta Nerea Loiolak osatutako epaimahaiaren iritziz, "aurkeztutako idazlanen artean ez dago saritzeko moduko maila erakusten duen lanik". 

Zarauzko Udalak 42. aldiz antolatu du aurten Lizardi Saria, baina epaimahaiak horrela erabakita, saria eman gabe utziko dute aurten. Alex Gurrutxagak, Castillo Suarezek eta Nerea Loiolak osatutako epaimahaiaren iritziz, "aurkeztutako idazlanen artean ez dago saritzeko moduko maila erakusten duen lanik". 

Hirukotearen arabera, Lizardi Sariak "lan bikainak" saritzea du helburutzat, "balio estetiko altua dutenak eta literatur pieza aberatsak izango direnak haur eta gazteentzat", baina aurkeztu dituzten zazpi lanen artean ez dago helburu hori betetzen duen idazlanik. Eta zera gehitu dute: "Atzera begira jarriz gero, nabarmena da egun puntakotzat ditugun hainbat idazleren lanek irabazi dutela sari hau 80ko hamarkadatik. Are gehiago, berriki Espainiako Sari Nazionala eskuratu duen Patxi Zubizarretaren Zerria lanak ere Lizardi Saria irabazi zuen orain bi urte". 

Epaimahaiak espero du datozen urteetan haurrentzako eta gazteentzako lan "ederrak" aurkeztea euskal idazle eta sortzaileek. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide