Abendaño eta Errotaberri industrialdeetan ostalaritza zerbitzuak jarri ahal izango dira aurrerantzean

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 6a, 10:00
Abendaño industrialdeko pabiloiak. (Aritz Mutiozabal)

Plan partzialaren aldaketa puntuala onartu zuten iraileko osoko bilduran, EAJren eta PSE-EEren onespenarekin; EH Bilduk kontra bozkatu zuen. Aurretik, Errotaberriko partzela jakin batzuetan bakarrik zegoen aukera orain industrialde osora zabalduko da.

Abendaño eta Errotaberri industrialdetako plan partzialaren hirigintza ordenantzen aldaketa puntuala onartu zuten iraileko udalbatzarrean, ostalaritzako erabilera jakin batzuk –kafetegi, taberna edo jatetxeak– baimendu ahal izateko. Udal Gobernuko kideen –EAJko eta PSE-EEko zinegotzien– aldeko 11 botorekin onartu zen proposamena; oposizioa ordezkatzen duen EH Bildu udal taldeko zortzi zinegotziak kontra agertu ziren.

Abendañoko industria sektorearen plan partziala 1989an onartu zen, eta Errotaberrikoa, berriz, 2007an, eta harrezkero, bi aldaketa egin dira: bata, 2006an, Abendañoko 13.3ko partzelaren erabilera erregimenari buruzkoa, eta bestea, 2022an, Errotaberriko partzela jakin batzuetan erabilera berriak baimentzekoa. "Azken aldaketa horrek posible egiten zuen jatetxeak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak jartzea, baina, esan bezala, partzela jakin batzuetan; izan ere, lau partzela horietatik bi kanpo geratu dira, jatetxerik gabeko establezimenduetara bideratu direlako", jakitera eman zuen Garbiñe Oiarbide Hirigintza Zinegotziak osoko bilkuran.

Bi industrialdeen hirigintza eraikigarritasuna ia 200.000 metro koadrokoa da, eta Errotaberrin jarduera berriak garatzen joan ahala, eremuan lan egiten duten pertsonen kopurua handitu egingo dela aurreikusten du Udal Gobernuak. Hori horrela, industrialdean ostalaritza establezimenduen beharra dagoela ikusten du. "Beraz, ostalaritza zerbitzuak kokatzeko aukerak areagotzea ahalbidetuko duen proposamena egiten dugu", nabarmendu zuen Oiarbidek, gai bozkatu aurreko azalpenean.

"Esanahi handiko aldaketa"

EH Bildu desados agertu zen proposamenarekin: "Hirigintza teknikariaren txostenak ordenantzaren aldaketa partziala dela esaten badu ere, guretzat aldaketa handia da. Esanahi handikoa, alegia". Itziar Murua bozeramaileak gogora ekarri zuen aurretik emandako aldaketekin aukera badagoela ostalaritza zerbitzuak jartzeko industrialdean, eta, ondorioz, ez dutela "beharrezko" ikusten: "Gainera, arriskutsua ikusten dugu aukera industrialde osora zabaltzea".

Hirigintza zinegotziak erantzun zion egia dela lau partzela horietan ostalaritza zerbitzuak jartzeko aukera eskaini dela, baina ez dagoela udalaren esku partzela horietan zerbitzu horiek eskaini ahal izatea. "Udalaren esku dagoena da gauzak erraztea eta aukerak zabaltzea. Lau partzeletara mugatuta abanikoa itxia geratzen da, eta pentsatzen dugu errazagoa izango dela norbait animatzea industrialde osora zabalduko bagenu. Izan ere, ez da gauza erraza eta beharrezkotzat jotzen dugu", zehaztu zuen Oiarbidek.

EH Bilduri zuzendu zitzaion Gloria Vazquez PSE-EE udal taldeko bozeramaileak, proposamenari ez diola arriskurik ikusten ihardetsiz. Bere ustez, Errotaberri eremuan lan egiten duten pertsonentzat "guztiz onuragarria eta lagungarria" izango da ostalaritza establezimenduak jartzea. Argi utzi nahi izan zuen, gainera, baimena emango zaien ostalaritza zerbitzuak bigarren taldekoak izango direla, hau da, kafetegiak, tabernak eta jatetxeak.  "Alegia, ez dira izango hirugarren taldeko pub edo diskoteka moduko establezimenduak, goizeko ordu txikiak arte irekita egongo daitezkeenak", adierazi zuen bozeramaile sozialistak. Aitzitik, "arriskua baino, onura ikusten diogu. Auskalo, zenbat aldiz pentsatu izan duten lantokitik gertu tabernaren bat izatearekin, mokadutxo bat edo kafe bat hartu ahal izateko".

Itziar Muruak ere egoki ikusten du zerbitzu hori izatea industrialdeko langileek, baina koalizio subiranistaren kezka "abanikoa gehiegi zabaltzea" da. 2022ko aldaketa egin zenean, bi partzela baino ez zirela bideratu horretara oroitu zion Muruak Udal Gobernuari, eta "oraingoan industrialde osora hedatzen da". Arriskuei dagokionez, "herriko industriari gora egiten ez diola lagunduko iritzi dio EH Bilduk, eta herriko ostalaritzari eta, zeharka, ostalaritzari eragingo diola, baita herriko bizitzari ere. Era berean, eremuko trafikoa asko handituko dela uste du. Azkenik, berdintasun azterketa bat egiteko eskaera egin zuten bilkuran, "hobetu beharreko puntuak badaudelako industrialdean".

"Industrialdeari zerbitzuak eman"

Oiarbidek ez du uste aldaketarekin industrialdea zerbitzuetara bideratzera doazenik, "baizik eta industrialdeari zerbitzuak ematea". Udal Gobernuaren "ikuspegia eta helburua" hori dela argudiatu zuen. "Nik uste dut zarauztar batek nahiago duela herrigunean edo edozein auzotan kontsumitu industrialdean baino. Industrialdean zerbait hartuko dutenak beste arrazoi bategatik izango da", zehaztu du Hirigintza zinegotziak.

Halaber, industriarekiko egiten duten apustua "argia" dela azpimarratu zuen Oiarbidek, eta , adibide gisa, amaitzear den Errotaberriko urbanizazioa, Errotazarreko sektorizazio plana eta saihesbidearen proiektua izan zituen aipagai. Bestalde, herritar guztien segurtasunarekin konprometituta daudela erantzun zuen, eta industrialdean jarraitu beharreko gidalerroak kontuan dituztela.