Felix Zubia: "Gaixo kronikoen %40k ez dituzte botikak ondo hartzen"

Iraia Oteiza 2023ko urr. 6a, 11:00
Felix Zubia, artxiboko irudian. (Hitza)

Adineko pertsonentzako osasun aholkuak saioa eskainiko du mediku zarauztarrak gaur herrian, Antoniano aretoan, 18:00etan. +60 Adineko Astearen barruan antolatutako ekintzetako bat da.

Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna izan den aste berean, Felix Zubia (Zarautz, 1974) Zainketa Intentsiboen Unitateko –ZIU– medikuak osasun aholkuak emango ditu gaur arratsaldean, 18:00etan, Zarauzko Antoniano aretoan. +60 Adineko Astearen barruan antolatutako ekintzetako bat da. Adineko pertsonen egungo arazoez eta hitzaldiaren nondik norakoez aritu da Zubia hedabide honekin.

Zein da 60 urtetik gorako pertsona batek kontuan hartu behar duen osasun aholkurik garrantzitsuena?

Batez ere, bizi ohiturek egiten gaituzte osasuntsu edo gaixo, nahiz eta beste faktore batzuek ere eragiten diguten. Garrantzitsua da gaztetatik bizi ohitura osasungarriak izatea, ez 60 urtetik gora bakarrik. Bizi ohitura horietan leudeke ariketa fisikoa egitea, elikadura egokia mantentzea eta ohitura toxikorik ez izatea. Horrez gain, gaixotasunen bat izanez gero, gaitz hori ezagutu eta ondo zaintzea ere beharrezkoa da. Arratsaldeko hitzaldian, hain zuzen, gaixotasun kronikoak eta horien tratamenduak landuko ditugu.

Arazoren bat antzeman al duzue gaixotasun kronikoak dituztenen tratamenduetan?

Datu garrantzitsu bat dugu: gaixo kronikoen %40k ez dituztela botikak ondo hartzen. Emaitza hori ikusita, nire aholkuen hitzaldia gai horretara bideratuko dut gehienbat. Tratamendua gaizki egite hori zergatik izan litekeen aztertuko dugu, batetik, eta botikak ondo hartzeko kontuan hartu beharreko faktoreak zeintzuk diren ikusiko dugu, bestetik. Ondoren, erorketez ere hitz egingo dugu, adinekoen osasun arazo handietako bat direlako, eta elikaduraz hitz egiten amaituko dugu saioa.

Zein litzateke botika horiek ondo ez hartzearen arrazoia?

Ez da arrazoi bakar baten ondorioa, faktore bat baino gehiago daude atzean. Noski, ezin zaio errua soilik botikak hartzen dituenari bota, sistema oso baten akatsa delako. Konturatu gara gaixotasuna askotan ez dela ongi ezagutzen edo ez dela ongi ulertzen, izan medikuaren akatsagatik, zein gaixoarenagatik. Baina gerta liteke paziente horrek dementzia arazoren bat izatea, edo bakardadean bizi eta laguntzailerik ez izatea. Faktore askok eragiten dute gaixotasuna kontzientzian ez izatea, eta ondorioz, tratamendua ere modu desegokian hartzea.

Hori guztia antolatu beharra dago. Gaixoak ongi ezagutu behar du hark duen gaitza; jakin egin behar du botikak zehazki nola hartu behar dituen, eta tratamenduaren albo ondorioak zeintzuk izan daitezkeen.

Halako kasuetan, zein litzateke jarraitu beharreko ibilbidea?

Guztia birpentsatu behar da. Hasteko, zenbat denbora eskaintzen diogu medikuok gaixotasuna azaltzeari? Kontsultako denborei arreta jarri beharko genieke, eta gaixoaren ingurukoek ere kontsultetara laguntzeko aukera izan behar lukete. Gaixoari egiaz laguntzeko neurriak hartu beharko genituzke. Horrez gain, badira adinekoei botikekin laguntzeko modu errazagoak ere, adibidez, pilulak antolatzeko aste osorako kaxak izatea, horiek antolatu eta prest utzita. Halako kontu praktikoez ere ariko gara hitzaldian.

Kontsultako denbora aipatu duzu. Azken boladan arretarako denbora gutxiago duzuela nabaritu al duzu?

Aspalditik datorren arazoa da hori, baina okerrera doan kontua dela esango nuke. Geroz eta zaharragoa den gizartean, osasun eskaera ere handitzen ari da, eta horrek kontsultetako denborak murriztea ekarri du. Gaixotasun kronikoen tratamenduekin lotuta dagoen arazoetako bat izan liteke kontsultak gero eta motzagoak izatea.

Gizartea zahartzen ari dela diozu. Zein da une honetan bizi itxaropenaren batez besteko adina?

Gutxi gorabeherako datua dakigu. Emakumeen bizi itxaropena 83 urteren bueltan legoke; gizonena, 79 urteren inguruan. Osasun aurrerapenen ondorioz, nabarmen igo da batez besteko adin hori, eta gehiago igoko dela aurreikusten da.

Zainketa Intentsiboen Unitatean –ZIU– egiten duzu lan. Ospitalizazio asko saihestu al litezke gaixoek tratamendua behar bezala egiten badute?

Zuzenean ez du eraginik baina zeharka, bai. Azken finean, botika horiek ondo ez hartzeagatik pazienteak gaixotu egiten dira, eta horrek, luzera, ospitaleratze gehiago ekar ditzake, heriotza gehiagorekin batera. Bizi itxaropena murriztea ere ekar dezake, baina zaila da tratamenduen erabilera okerraren ondorioak zuzenean neurtzea.

Gaixotasunen tratamenduez gain, erorketez eta elikaduraz ere mintzatuko zara arratsaldeko saioan. Zein dira arlo horietan jarraitu beharreko gomendioak?

Erorketa asko izaten dira adineko pertsonetan, eta osasun arazo handienetarikoa izatera igaro dira. Hitzaldi honetan tratamenduei arreta gehiago jarriko badiegu ere, zenbait gomendio emango ditugu erorketei lotuta. Elikaduraren inguruan, berriz, haragi gorriaren kontsumoa murriztu, eta, bereziki, aurrez prestatutako janariak saihesten hasi beharra dago. Kezkagarria da aurrez prestatutako produktuen eskaintzaren kopurua, jaki asko baitago jada jateko prest, denon eskura. Elikaduraren oinarrian barazki ugari jarri behar dira, eta lekaleak kontsumitzea ere osasungarria da, babarrunak, txitxirioak eta antzekoak.

Laburbilduz, adineko pertsonek hiru arlotan jarri behar lukete arreta osasuntsu egoteko.

Hori da. Alde batetik, elikadura zaindu behar dute; bestetik, ariketa fisikoa egitea ere oso gomendagarria da; eta, azkenik, gaixotasunen bat izanez gero, hori ezagutu eta era egoki batean tratatu beharra dago. Beste faktore batzuek ere eragina duten arren, gomendio horiek jarraitzea ezinbestekoa da bizimodu egokia eta osasungarria izan dezaten.