Zarauzko eta Getariako sustraiak ditu Israelen desagertutako 46 urteko bilbotarrak

Aritz Mutiozabal - Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 9a, 12:30

Asteburuan izandako bonbardaketak. (@HoyPalestina)

Hedabide honek baieztatu ahal izan duenez, Ivan Illarramendi Saizar eta haren emaztea dira larunbateko erasoaz geroztik falta direnak. Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri ministroak ez du zehaztasun handirik eman, baina familiarekin harremanetan daudela jakinarazi du.

Palestina eta Israelen arteko gatazkak eztanda egin du, eta larunbataz geroztik erasoek ez dute etenik Gazan eta Israelen. Ehunka izan dira hildakoak bi aldeetan, eta zaurituak ere milaka dira. Horrez gain, herritar ugari desagertuta daude eta horien artean dago 46 urteko Ivan Illarramendi Saizar bilbotarra, hedabide honek baieztatu ahal izan duenez. Jaiotzez bilbotarra izanik ere, bere sustraiak Urola Kostako kostaldean zituen: aita zarauztarra zuen eta ama, berriz, getariarra.

Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri Gaietarako ministroak Rac1 Kataluniako irrati kateari emandako elkarrizketan baieztatu du espainiar jatorriko bi herritarrek pairatu dituztela erasoak, baina ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan haien osasun egoerari buruz. Dena den, Albaresek zehaztu du Espainiako Gobernua dagoeneko jarri dela harremanetan bi herritarren senitartekoekin.

Ministroak ez ditu zehaztu erasoen biktimen datuak, baina hainbat hedabidek dagoeneko zabaldu dute Illarramendi Gazako lerrotik bi kilometro eskasera dagoen Israelgo Kissufim kibbutzean bizi dela emaztearekin. Are gehiago jakinarazi du El Confidencial egunkariak; hedabideak dioenez, Hamasen erasoa hasi zenean familiako kideekin hitz egin zuten telefonoz gertatzen ari zenaren berri emateko, baina polizia haien etxera iritsi zenerako falta ziren. Aipatu egunkariak zehaztu duenez, senar-emazteen etxean indarkeria zantzurik ez dute antzeman, eta horrek bahitu ote dituzten susmoa indartu du.