Argi izpi bat ortzimuga ilunean

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2023ko urr. 12a, 11:00

Aurten ere abian da Mintzalagun egitasmoa eskualdeko hainbat herritan, tartean Zarautzen. Bidelariak eta bidelagunak "gogoz" daude euskara praktikatzeko. 

Zarauzko malekoian eguzkia ezkutatzen denean, ortzimugan dena da iluna. Dena den, badaude malekoia argiztatzen duten hainbat farola, norabidea errazten dutenak, galduta ez sentitzeko. Euskara ikasteko prozesuan gauza bera pentsa daiteke, dena dela iluna, zaila, nekeza; hala ere, badaude argi izpiak, aurrera egiten laguntzen duten makuluak, Mintzalagun programa bezala. Urtero moduan, aurten ere martxan jarri dute egitasmoa eskualdeko hainbat herritan, tartean Zarautzen. Bidelagunak eta bidelariak elkarrekin, euskaraz hitz egin eta hizkuntza maila hobetzea dute helburu egitasmoan parte hartzen dutenek, lagunartean, hurbiltasunetik eta lasaitasunetik. 

Adriana Fernandez de Retana da egitasmoko parte hartzaileetako bat, eta orain dela bi urte eman zuen izena Mintzalagunen. Azaldu duenez, lanean ez zuen ia aukerarik euskaraz egiteko, eta bilbotarra izanda, zarauztarrekin hitz egin eta horiekin sozializatu nahi zuelako eman zuen izena. Andoni Maqueda, berriz, kaleko hizkerara gerturatu nahi duelako hasi da aurten Mintzalagunen. Izan ere, hainbat urtez aritu da euskaltegian, baina orain beste pauso bat eman nahi du: "Askotan gertatzen zait kaleko elkarrizketetan galdu egiten dudala haria, kaleko hizkera ez dudalako hainbeste kontrolatzen". Charo Gomezen arrazoia bestelakoa da. Aditzera eman duenez, euskara ikasten aspaldi hasi zen, baina ez zuen ia inorrekin hitz egiten, eta "ohitura galdu eta ikasitakoa ahaztu aurretik" egitasmoan parte hartzea erabaki zuen orain dela urtebete. 

Astean behin elkartzen dira Mintzalaguneko kideak, asteazkenetan ia beti. Zarautzen pintxo-potea egun horretan egiten dutenez, Maquedak azaldu du "pote bat edo bi" hartzeko aprobetxatzen dutela, bizitzako hainbat kontuz hitz egiten duten bitartean. "Ordubete pasatxo egoten gara elkarrekin, eta bakoitzak gertatu zaionari buruz hitz egiten du", azaldu dute bidelariek. Dena den, noizean behin paseotxo bat ematera ere joaten direla gaineratu du Fernandez de Retanak, eta zera gehitu nahi izan du irribarretsu: "Oinez ibiltzeak ideiak astindu eta garatzeko balio dit niri behintzat".

Taldea, balio erantsia

Hiru parte hartzaileen hitzetan, Mintzalagun egitasmoaren bitartez talde "eder" bat osatzea lortu dute, eta horrek asko lagundu die prozesuan. "Jende berria ezagutu dut, eta hori oso polita izan da", dio Gomezek. Gainera, Fernandez de Retanak dio "profil eta adin desberdinetako jendea" elkartzen direla eta hori beti dela aberasgarria. "Niri mendia gustatzen bazait, eta beste bati zinema, elkartzen garenean gomendioak ematen dizkiogu elkarri, eta horrek harremana indartzen du". Maqueda ez da hausartu baloraziorik egitera, orain dela gutxi hasi delako, baina haren ustetan, proiektuak bere helburuak betetzen lagunduko dio.

Bidelagunen garrantzia

Egitasmoak aurrera jarrai dezan, ezbairik gabe, ezinbestekoak dira bidelariak, baina ezin ahaztu bidelagunekin. Horietako bat da Inaxio Uria. Hark azaldutakoaren arabera, orain dela 11 urte hasi zen Mintzalagun programan parte hartzen, jubilatu zenean. Orduak libre zituela eta, horiek aprobetxatu nahi zituen, eta orduan ikusi zuen, kasualitatez, albiste bat Hitza-n. "Mintzalagunerako bidelagun bila zebiltzala irakurri eta deitzea pentsatu nuen. Esan zidaten batek utzi egingo zuela, eta baietz, behar zutela norbait. Nik, egia esateko, ez dakit ergatiboa eta zer diren, dakidana ahozko hizkuntza da, baina nekienarekin laguntzeko prest egon naiz hasieratik", dio bidelagunak.

Halaber, berak ere asko ikasi duela azaldu du Uriak. Izan ere, euskaraz alfabetatu gabea da, eta besteak beste, hiztegi berria edo ts eta tz-ren erabilera egokia zein den ikasi du urte guzti hauetan. Gainera, batzuekin kontaktuan jarraitzen duela ere azpimarratu nahi izan du, eta hori ere asko atsegin duela: "Whatsapp bitartez hitz egiten dut batzuekin noizean behin, nik idatzitako bertsoak bidaltzen dizkiet, eta haiek erantzun egiten didate".

Alde onak alde batera utzita, hausnarketari ere lekua egin nahi izan dio bidelagunak. Haren ustetan, "batzuek euskaraz aritzeko duten espazio gabezia» errealitate bat dela jabetu behar du gizarteak, eta zentzu horretan, "beharrezkoak" direla helburu hori bermatuko duten guneak. "Batzuek etxean ez dute nahi adina euskaraz aritzeko aukerarik, eta pena bat da. Ez dakit beste biderik badagoen hori lortzeko, baina nik programa hau ezagutzen dut, eta oso aproposa ikusten dut horretarako", dio. Hori dela eta, herritarrak izena ematera animatu nahi izan ditu, bai bidelari izan nahi dutenak, bai bidelagunak ere.