Barazki eta sagar ekoizleentzat uda ona izan da aurtengoa

Onintza Lete Arrieta - Andoni Elduaien 2023ko urr. 13a, 16:30

Bero kolpe zakarrak izan dira aurtengoan, baina baita euri zaparrada mardulak ere, eta uzta ona izaten ari dela kontatu diote ekoizleek hedabide honi.

Udazkena iritsi da, baita udako uztaren eta, oro har, urtearen lehen erdiaren balantzea egiteko sasoia ere. Zarauzko Elkano auzoan dituzte barazkiak landatzeko lurrak Ametsola etxalde ekologikoko kideek, eta eguzkitan lanean aurkitu ditu Hitzak irailaren hondarrean Gorka Silvan eta Julen Zulaika.

Zulaikak azaldu du lana urte osoan egiten dutenez, "barazki mota gehientsuenak" landatzen dituztela. "Udako barazkiak oraindik badaude: tomatea, piperra, alberjinia... Laster, neguko edo udazkeneko barazkiekin hasiko gara. Garai hau da justu jenero eta barietate gehien egoten den garaia". Asteotan esku bete lanekin dabiltza, beraz.

Lanean bete-betean dabiltza sagarrondoak dituztenak ere. Hala azaldu du Ibai Arakistain Ibarbi Errezilgo Errezil sagarraren elkarteko kideak. "Errezil sagarra edo ibarbi sagarra biltzeko garaia iritsi da. Sagasti batetik bestera beti egoten da aldea, baina orokorrean jendea hasi da, eta hasi gabe dagoena laster hasiko da biltzen".

Iazkoarekin alderatuta, aurtengo uda "askoz euritsuagoa" izan dela kontatu du Zulaika zarauztarrak, "hezetasun gehiagokoa". Beraz, "eguzkizaleak diren landareentzat ez da hain ona izan", baina ureztaketa aldetik "askoz lan gutxiago" izan dute, euri gehiago egin duelako eta goizetako ihintzak ere dezentekoak izan direlako aurten. "Hortaz, landare edo barazki batzuentzat oso ona izan da aurtengoa, lekak edo bainak oso ondo etorri dira, baina beste batzuentzat ez da hain ona izan. Hala ere, dagoena hartu behar izaten da...", azpimarratu du.

Arakistainentzat ere uzta ona izaten ari da aurtengoa: «Aurten denerako sagarra izango da: bai gordetzeko, bai sagardoa eta menbrilloa egiteko. Gordetzen ez den sagarrak sagardotarako balio duenez, urte bikaina da. Datorren urtea akaso ez da horrelakoa izango, eta aurten aprobetxatu egin beharko dugu», esan du, baikor. 

Bestalde, Zulaikak adierazi du ekainaren erdialdean bota zuen harriak kalteak eragin zituela, baina ez zela hainbesterako izan barazki ekoizleentzat: "Ekaineko harriak kuiak, alberjiniak, piperrak... kaltetu zizkigun, baina kakotx artean esanda. Izan ere, nahiko garai onean tokatu zen, eta aurrea hartzeko aukera izan genuen, landaketa gehiago eginez eta zenbait barazki gehiago zainduz nahiz haiei tratamenduak emanez". 

Arakistainek ere igarri du harriaren eta bero kolpeen eragina: "Bero kolpeak direla eta, sagar asko erori egin dira. Txingor zaparrada bat edo beste ere egin du udan beroaren ondorioz, eta horrek ere kaltetzen du sagarra. Gure sagastietan orbandutako sagar asko agertu dira beroagatik. Orban beltz bat sortzen da, eta hortik usteltzeko joera hartzen du sagarrak. Ekaitzek ez gaituzte harrapatu gu, baina sagasti batzuk bai, eta orbandutako sagar horiek ezin dira gorde. Aurtengo klimak erasan dio sagarrari".

Bestalde, irail erdi-amaiera aldera zaparrada handiak bota zituen eskualdeko hainbat txokotan, eta hori mahastientzat ez zela ona esan zuten adituek, mahatsa jasotzeko garaia zelako. Barazkiak landatzen dituztenentzat, ordea, ba ote dago garai txarrik edo onik euria egiteko? Silvanen ustez, aurreko bi udak "ez dira ohiko udak izan, oso beroak izan direlako". Aurten ere abuztu amaiera eta iraila oso beroak izan dira, "baina orokorrean, ezagutzen dugun bezalako uda izan da: alegia, euritsua, eta tarteetan eguzkiarekin. Guri, adibidez, zaparrada haiek ez digute kalterik eragin, nahiz eta nahikoa ur bagenuen bestela ere". Aste batzuk lehenago harria bota zuen Zarautzen bertan, Asti inguruan, eta lagun bati galera eragin ziola azaldu du Silvanek: "Metakrilatozko negutegia zulatu zion, eta kalte dezenteak izan ditu".

Sagarrarentzat ere euria ondo etorri dela esan du Arakistainek: "Aurtengo uda bero zakarrekoa izan da, baina euri dezente egin du, euri mardula, eta horrek eragin du sagarra ondo mantentzea".

Klima aldaketaren eraginik?

Gero eta gehiago entzuten da klima aldaketaren eraginaz komunikabideetan, eta horri buruz zer iritzi duten galdetuta, Silvanek azaldu du beraiek ari direla aldaketa nabaritzen: "Igartzen da, zentzu guztietan: beroa hurbilago nabari dugu, alegia, izpiak askoz ere indartsuagoak dira. Bestalde, Zumaian, esaterako, izugarrizko triskantza eragin zuen harriak; muturreko joerak nabari dira, bai bero aldetik, bai hotz aldetik, eta, zer esanik ez, euri aldetik".

Sagastiak dituztenek ere nabaritu dute aldaketa, Arakistainek azaldu duenez: "Orokorrean, sagarra lehenago ari da heltzen. Adinekoek kontatzen dute, adibidez, beraiek gazteak zirenean sagar mota hau hilabete bat geroago biltzen zela; orain, lehenago erortzen da lurrera. Gaur egun, klima aldaketaren ondorioz, lehenago dator sagar uzta".

Erosketa, hautu politikoa

Eguraldi eta klima kontuak alde batera utzita, Zulaikak bertakoa kontsumitzearen eta babestearen garrantzia azpimarratu du: "Azken urteetan prezioak ikaragarri igo dira, eta elikagaietara ere iritsi da hori. Elikagaiekin espekulatzen ere ikusi ditugu enpresa handiak, eta horren aurrean, apustuak gero eta nabarmenagoa izan beharko luke bertako ekoizpen txiki eta ekologikoak bultzatzearen aldekoa, jende gaztea lehen sektorera erakarrita".

Zulaikak herritarrei ere egin die dei, bertakoa babes dezaten: "Zuk erabakitzen duzu, zure euro horrekin, zure egunerokotasunean zer eredu bultzatu. Erabaki politikoa da zentzu batean, zeini nahi diozun eman dirua, eta zer nahi duzun kontsumitu. Bertakoari, osasungarriagoari, ingurugiroarekin askoz ere harreman zuzenagoa eta egokiagoa duten proiektu txikiei eman diezaiokezu dirua, edo multinazionalei eta elikagaiekin espekulatzen aritzen diren erraldoi horiei". Zulaikarentzat, erakundeen eta herritarren esku dago "hainbestetan aipatzen den elikadura burujabetza hori egunerokotasunean bultzatzea eta egia bihurtzea".