Elkartzeko beharretik sortua

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2023ko urr. 17a, 12:30

Nahia elkarteak artisauen azokak antolatzen ditu urtean zehar. Elkarteko kideek horien garrantzia azpimarratu dute, «beharrezko erakusleihoak» direla argudiatuta.

2011. urte ingurua zen. Dozenaka sortzaile zeuden Zarautzen, ia denak beren kabuz ari ziren lanean, beste artisauekin harreman handiegirik izan gabe. Amarauna sortu eta saretzeak ekar ditzakeen abantailez jakitun, baina, elkartzea erabaki zuten Zarauzko hainbat sortzailek, eta orduantxe sortu zen Nahia elkartea. Hasieratatik dago bertan Natxo Kareaga eskulangilea, eta elkartearen izenak taldearen asmoarekin harreman zuzen-zuzena duela azaldu du irribarretsu: "Garai hartan ilusioz beterik geunden, eta sortzeko nahiz besteekin batera ikasteko nahitik sortu zen taldea, baita haren izena ere". 

Marta Garmendia ez da taldearen parte izan hasieratik, baina bertan daramatzan urteetan helburua ez dela aldatu azaldu du. "Zarautzen artisau edo sortzaile asko daude, batzuentzat ogibide da artisautza, eta beste batzuentzat ez, baina garrantzitsua da elkarren berri izatea eta elkartzea, bestela ez garela existitzen dirudielako", dio Nahiu Bijoux bitxien markaren sortzaileak.

Elkarketaren fruitu dira urtean zehar Nahiak antolatzen dituen artisau azokak, "erakusleihoak" direnak beraientzat. Garmendiak azaldu duenez, horien bidez jendeak ezagutu egiten du beraien lana, eta ondorioz, "beharrezkotzat" jotzen ditu azoka horiek guztiak. Horietan, denetarik aurki daiteke: egurrezko umeentzako jostailuak, bitxiak, larruzko poltsak, produktu naturalekin egindako xaboiak... Garmendiak berak erretxinazko bitxiak egiten ditu lore naturalekin, eta bertakoaren garrantzia azpimarratu du: "Nik Zarauzko loreekin egiten ditut bitxiak, eta denak dira desberdinak. Gainera, jendeak badaki nor ari den bitxi horiek egiten, eta hori artisautzan bakarrik topa daiteke".

Urrian egin ohi dituzte zenbait azoka, baina horiek ez dira urtean egiten dituzten bakarrak; egutegiaren berri ere eman dute Kareagak eta Garmendiak. Haien esanetan, urtarrilean elkartzen dira Nahia taldeko hainbat kide, eta urteko azoka nahiz erakusketak antolatzen dituzte. Lehenengo azoka Aste Santu garaian egiten dute, hiruzpalau egunekoa, eta udako turismoa ere aprobetxatzen dute berriro ere kalera ateratzeko. Garmendiak aditzera eman duenez, Nahia pintore eta eskultoreek ere osatzen dute, eta horiek urtero erakusketa bat antolatzen dute Zarauzko Merkatu Plazako lehen solairuan, abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra.


Bide luzea aurretik

Elkarteak babesa ematen badio ere, egiteko falta den lana «nabarmena» dela azaldu du Garmendiak, eta Kareaga ados agertu da baieztapen horrekin. Beste hainbat elementuren artean, "sorkuntzarako espazio duin bat" aldarrikatu dute bi artisauek. Haien iritziz, eskulangile askok etxean egin behar izaten dute lan, eta askotan ez dituzte behar bezalako espazioak izaten horretarako.

Bestalde, traba ekonomikoak ere aipatu ditu atsekabeturik Garmendiak: "Norberak bere marka sortu eta lasaitasuna aurkitzea ez da erraza, oztopo asko jartzen dituztelako bidean. Autonomoen kuota hilabetero ordaindu behar da, adibidez, eta gerta daiteke hilabete horretan gutxi saltzea...". Horregatik, sortzaileen arteko komunikazioa zein lana errazteko espazioak aldarrikatu ditu Kareagak: "Herri batzuetan badaude mota guztietako sortzaileak joan daitezkeen espazio aproposak, eta emaitza onak eman dituzte".

Zailtasunak zailtasun, elkarteak lanean jarraitzeko asmoa azaldu du inolako zalantzarik gabe, eta bertako bi kideek azaldu dutenez, helburuak antzekoak izango dira aurrerantzean ere.