Jose Inazio Eliasek zilarrezko domina jaso du Euskal Herriko Txistulari Elkartearen eskutik

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 17a, 13:30

Larunbat goiz-eguerdi partean izan zen ekitaldia, Modelo aretoan, eta Eliasi ez ezik, Maria Pilar Zurriaraini ere egin zioten aitortza.

Zarauzko bizilagun Jose Inazio Elias azpeitiarrak Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Zilarrezko Domina jaso zuen larunbatean, Modelo aretoan eginiko ekitaldian. Eliasekin batera, eta Maria Pilar Zurriarain zizurkildarrak ere jaso zuen domina; aitortza hori jasotzen duen lehen emakumea izan da.

Omenaldiaren aurretik, txistularien elkarretaratzea egin zuten goizean Musika Plazan, eta jarraian, kalejira giroan omenduen bila joan ziren, Modelora abiatzeko. Ekitaldi saioan, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko ordezkariez gain, Xabier Txurruka alkateak hartu zuen parte, eta Andoni Egañak bertso dotorea eskaini zion Eliasi. Bi txistulari omenduek hunkituta jaso zuten merezitako domina, bertaratu zirenen txalo artean.

Jaiak aretotik kanpo jarraitu zuen; izan ere, hamaiketakoa izan zuten, txistulariak bat egin zuten Kantu-jirakoekin, kontzertua eskaini zuten Musika Plazan eta, bukatzeko , lagunarteko bakaria izan zuten Udaberrin.