Dagokien tokira iristea helburu, urratsez urrats

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 18a, 10:00

IƱigo Moreno eta Mikel Alzaga ZKEko eskubaloi talde nagusietako entrenatzaileak. (Jabi Gonzalez Toston)

ZKEko bi eskubaloi talde nagusiek hasiera ona eman diote denboraldiari entrenatzaile berrien aginduetara: Iñigo Moreno Aiala ari da zuzentzen, eta Mikel Alzaga Amenabar. Biek liga sailkapenaren goialdean amaitzea dute xede.

Gauza asko dituzte amankomunean Iñigo Morenok (Orio, 1979) eta Mikel Alzagak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994). Biak eskubaloi jokalariak izan ziren, eta, orain, entrenatzaileak dira. ZKE Zarautz Kirol Elkarteko bi eskubaloi talde nagusiak zuzentzen dituzte, hain justu: Aiala eta Amenabar, hurrenez hurren. Biek Usurbilen hasi zuten bidea eskubaloi jokalari gisa, eta biek lehenengo urtea dute beren taldea zuzentzen. Gainera, estreinakoz ari dira norbere mailan; izan ere, Alzagak mutilak aurrez entrenatu izan baditu ere, lehenengo aldia du gizonezko seniorrekin, eta Morenok orain arte sekula ez ditu emakumeak entrenatu. Seniorrekin hasi du bidea Alzagari lekukoa hartuta; kasualitatea hori ere.

Kontrara, bi entrenatzaileek aurkakotasunak ere badituzte elkarren artean: Alzagak oso gaztetatik zuen argi eskubaloi entrenatzailea izan nahi zuela: "29 urte ditut, eta dagoeneko hamalau daramatzat entrenatzaile lanetan. Beti izan dut horretarako sena. 21 urte nituenerako jada banuen estatu mailako prestatzaile titulua". Aldiz, Morenok bere hitzak irentsi behar izan ditu: "18 urterekin iritsi nintzen Amenabarrera, eta lehenengo taldean hamabost bat denboraldi egin ondoren eskubaloia uztea erabaki nuenean, esan nuen ez nintzela inoiz izango entrenatzailea, eta gutxiago emakumezkoena. Azkenean, ordea, klubak laguntza eskatu zidan talde asko dituelako eta jendea behar zutelako; horrela hasi nintzen. Pandemian Euskal Ligako entrenatzaile titulua online ateratzeko aukera eman zuten, eta animatu egin nintzen. Gustatu egin zitzaidanez, estatu mailako titulua ere atera nuen ondoren. Pausoa eman nuenetik maila askotako taldeak zuzendu ditut: infantilak, kadeteak... eta orain emakume seniorrak. Guztiekin egin dut atsegin handiz, nahiz eta kontrakoa esaten nuen lehen".

Morenok ez bezala, Amenabarreko entrenatzaileak sekula ez du Zarauzko taldean jokatu, eta honela azaldu du nola iritsi den taldea entrenatzera: "Usurbilgo emakumezko seniorren entrenatzailea nintzen Aialaren maila berean eta helburu bertsuekin. Iritsi zen momentu bat, ordea, zeinetan aldaketa behar nuela sentitu nuen. Horregatik, artean Aialako entrenatzailea zen Julen Azpitartek bigarren entrenatzailea izatea proposatu zidanean, eskaintza onartzea erabaki nuen. Egia esan, hona etorri arte gorrotoa nion Zarautzi; izan ere, askotan izan nuen kontrario".


Hasiera ona

Bi entrenatzaileek emaitza onak eskuratu dituzte beren taldeekin emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailako nahiz gizonezkoen Lehen Maila Nazionaleko lehenengo jardunaldietan. Amenabarrek orain arte jokatutako partida guztiak irabazi ditu, bostetik bost, eta bere multzoko liderra da. Postu horretan amaitu nahi du, hain justu, taldeko entrenatzaileak: "Ez dut esango helburua mailaz igotzea eta Zilarrezko Mailara itzultzea denik. Horretarako igoera fasera sailkatu eta hori irabazi beharra dago. Horregatik, igoera fase horretara sailkatzea da aurtengo denboraldirako dugun lehenengo helburua. Gainera, etxean jokatu nahi dugu fase hori, eta, horretarako, lehenengo bi postuetan amaitu behar dugu liga". Horren harira, Morenok dio berak badakiela zer den halako faseak jokatzea: "Oso zailak izaten dira. Bost jokatu ditut nik Amenabarrekin, eta hirutan lortu genuen mailaz igotzea. Hori bai, sekula ez genuen lortu maila galdu ondorengo denboraldian segidan igotzea". 

Aialari erreparatuta, bestalde, taldeko entrenatzaileak dio nahiago duela helburu zehatzik ez jartzea "beste lau edo bost" partida jokatu arte: "Bai ni eta bai jokalari asko berriak gara kategorian. Gainera, oso gazteak dira gehienak, eta denboraldiaurrean ere ezin izan dugu nahi bezala lan egin, askok udan lana egin dutelako. Halaber, garrantzitsuak izango diren jokalarietako batzuk min hartuta izan ditugu. Horregatik, nahiago dut ligako hamargarren jardunaldira arte itxarotea taldea benetan nola dagoen ikusteko eta helburu erreala jartzeko". 

Bada, lau dira orain arte Aialak jokatu dituen partidak, eta horietatik hiru irabazi eta bat galdu ditu. Azken hori kolpea izan zen, Lleidak lortu duen garaipen bakarra izan delako. Dena den, Alzagak dio "ongi" etorriko zaiela. Iaz hark entrenatzen zuen taldea, eta gogoratu du antzeko zerbait gertatu zitzaiela: "Liga hasieran, teorian irabaztekoa zen partida galdu genuen Eibarren aurka, eta hortik aurrera beste porrotik ez genuen jaso. Bigarren sailkatuari bederatzi puntu aterata irabazi genuen liga, eta igoera fasera arte talde sendoa izan ginen. Azken hori ere primeran hasi genuen, baina, sei golen aldeaz irabazten ari ginenean, Eibarren aurkako partidaz geroztik agertu gabeko beldurrak azaldu ziren eta horrek zapuztu zuen guztia".


Bideoaren garrantzia

Morenok nahiz Alzagak azaldu dute, halaber, batez ere, "barrura begira" ari direla lanean denboraldi hasieran, eta, horretarako, asko baliatzen dituzte bideoak batak zein besteak: "Taldearentzat nahi dugun joko ideia garatzeko zutabeak eraikitzen ari gara, eta horretarako, oso lagungarriak dira irudiak. Egindako lanaren emaitzak erakusteko aukera ematen dute, eta sinesgarritasuna irabazten laguntzen digu", azpimarratu du Morenok.

Nolanahi ere, bestelakoa da entrenatzaile bakoitzaren lan egiteko modua. Amenabarrek osteguneko entrenamenduen aurretik egiten ditu bideo saioak jokalari guztiak bilduta; Aialak, aldiz, Whatsapp taldea baliatzen du. Bideo laburrak bidaltzen ditu Morenok entrenamenduen aurretik jokalariei zer landu nahi duen azaltzeko.

Asteburuan Bizkaiko aurkariak

Bizkaiko taldeak izango dituzte aurkari Zarauzko bi eskubaloi taldeek asteburu honetan: Aialak Ermuko Errotabarri hartuko du etxean larunbatean, 19:30ean, eta Amenabar Barakaldon arituko da igandean, 12:30ean. 

ZKEko taldeek garaipena izango dute helburu, baina egoera ezberdinetan dira aurrean izango dituzten kontrarioak. Errotabarri aurkari zuzena da Aialarentzat eta orain arteko ligako lau partidak irabazi ditu. Barakaldo, berriz, hamabigarren postuan dago, 12 punturekin. Hori horrela, partida erosoagoa behar luke Amenabarrenak, baina ez dira fio