'O Corno' ikusteko aukera izango da gaur Saio Originalaren barruan

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 24a, 09:45

Urrezko Maskorra jaso zuen duela hilabete pare bat film honek, eta orain Modelo aretoan emango dute jatorrizko hizkuntzan.

Jaione Camborda zinegile donostiarraren bigarren film luzea da O Corno, eta igaro berri den Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortu du. Ekoizpen espainiar-belgikar-galiziarra da, eta nagusiki galizieraz dago filmatuta. Hain justu ere, jatorrizko hizkuntzan eskainiko dute gaur arratsaldean, 19:30etik aurrera, Modelo aretoan.

Illa de Arousan (Galizia) eta 1971. urtean kokatzen da pelikula. Maria (Janet Novás) itsaskitan bizimodua ateratzen duen emakumea da. Erditzeetan beste emakume batzuei arreta eta ardura bereziz laguntzeagatik ere ezaguna da irlan. Ustekabeko gertaera baten ondoren, ihes egin behar izan du eta bere biziraupenaren alde borrokatuko duen zeharkaldi arriskutsu bat hasiko du. Bere askatasunaren bila, Mariak Galizia eta Portugal arteko kontrabandoko bideetako batetik muga zeharkatzea erabakiko du.