Kasualitatez hasitako ibilbidearen aitortza

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 25a, 09:50

Jose Inazio Elias txistulari azpeitiarrak zilarrezko domina jaso zuen orain dela bi aste Euskal Herriko Txistulari Elkartearen eskutik. "Sorpresaz betetako eguna" izan zela azaldu du Zarauzko bizilagunak. "Gerra emateko" prest jarraitzen du.

2022. urtean erabaki zuen Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Jose Inazio Elias Zarauzko bizilagun azpeitiarrari zilarrezko domina ematea. Hainbat arrazoi medio, ordea, uste baino gehiago luzatu zen itxaronaldia, eta zehazki, urriaren 14an egin zioten aitortza ekitaldia, Maria Pilar Zurriarain txistulariarekin batera. Elias "eskertuta" agertu da sari horrekin, eta azaldu du larunbat horretan jasotako guztia ez zuela espero, "sorpresa askoz betetako eguna" izan zelako.

Izan ere, omenaldiaren aurretik, txistularien elkarretaratzea egin zuten goizean Musika Plazan, eta jarraian, kalejira giroan omenduen bila joan ziren, Modelora abiatzeko. Ekitaldi saioan, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko ordezkariez gain, Xabier Txurruka alkateak parte hartu zuen, txistulariaren familiakoek hitz batzuk esan zituzten, eta Andoni Egañak bertso dotorea abestu zion Eliasi. Dominaz gain, baina, azpeitiarrak jaso zuen beste opari berezi bat: Jose Mari Gancedok olibondoaren egurrarekin egindako txistu bat, hain zuzen ere. Eliasen hitzetan, horrelako bi bakarrik sortu ditu Gancedok, berarentzat eta Zurriarainentzat egindakoak, eta esklusibotasun horrek "izugarrizko ilusioa" egiten dio hari. Gaineratu du soinu oso berezia duela txistuak, baina zainketa berezia eskatzen duela: "Sortzaileak esan zidan oliba olio birjinarekin zaindu beharko nuela. Merkea dago, bada!", gehitu du, barrez.

Kasualitatez hasitako bidea

Azken aitortza, ordea, urte luzez egindako lanaren fruitua izan da, "kasualitatez" hasi zen bidearena. Bere aitak arrebari erositako txistua izan zen Eliasek jo zuen aurrenekoa. Azpeitiarrak dio arreba piano ikasketak egiten ari zela, eta hark ez ziola arretarik jarri txistuari. Berari, aldiz, deigarria iruditu zitzaioan instrumentua, eta ibilbidea nola hasi zuen kontatu du: "Banekien Loiolako basilikan bazegoela txistua jotzen zekien jesuita bat, eta harengana joan nintzen, ea irakatsiko zidan galdezka. Eskema bat marraztu zidan, zein zulo ireki eta itxi behar nituen zehaztuta. Ezkutuan jotzen nuen, eta egun batean aitak entzun egin ninduen. Aho zabalik gelditu zen, ez baitzekien txistua jotzen nekienik. Hark eraman ninduen jotzen ikastera, Andoni Albizurirengana. Horrela hasi nintzen, eta gaur arte iraun du kontuak".

Umetan hasitako bideak jarraipena izan zuen Zarautzera ezkondu zenean ere. Bertan, besteak beste, Kruz Mari Frantzesena Belatxe zena eta Joxe Migel Gastañares Legaxpi ezagutu zituen, baita Imanol Urbieta ere. Txistulariak dio "lan asko" egin zutela elkarrekin, eta "garai hartako oroitzapen oso politak" dituela. Dena dela, pasarte gazi bat ere gogoratu du, Xoxoten gertatutakoa. Izan ere, behin txistuarekin euskal abestiak jotzeagatik kuartelera eraman zituztela azaldu du, baina gaineratu du "beste garai batzuk" zirela, eta pasatu zela hori ere.

Leku pila bat ezagutzeko aukera izan du Eliasek txistuari esker, eta horregatik, bere burua "kaleko txistularitzat" du. Izan ere, haren ustez txistua "kalea alaitzeko" instrumentu bat da: "Batzuei gehiago gustatuko zaizkie kontzertuak, baina nire ustez, txistua ederragoa da kalean. Gu pozik egoteaz gain, entzuten gaituzten gehienek ere gustura hartzen dituzte gure doinuak. Batzuetan, halaber, ardo bat ere ateratzen digute, eta horrek lagungiro ederra egiteko ere balio du".

Teknologiara hurbiltzen

Kalearekin nahikoa ez, eta jada badira urte batzuk Zarauzko bizilaguna Youtubeko Zesteronekua kanalean txisturako abestiak igotzen hasi zenetik. Hain justu, horregatik jaso berri du aitortza. Txistulariaren hitzetan, Jean Marc Lempegnat lagun okzitaniarrari esker jaio zen proiektua, nolabait esatearren. Egun batean, Pantxoa eta Peiorekin etorri zen Euskal Herrira; ordurako bazuen harremana Pantxoarekin Eliasek, eta hark aurkeztu zion Lempegnat. Urte batzuen buruan, bere etxera gonbidatu zuen Lempegnatek, eta han zeukan grabagailu bat erakutsi zion Eliasi. Zerbait grabatuko al zuten proposatu zion, eta hala egin zuten. "Gustatu egin zitzaidan emaitza, eta hori ikusita grabagailu bat erostera animatu ninduen. Gero proposatu zidaten Youtubeko orrialdera igotzea nire grabazioak, eta guztira 1.300 pieza inguru igo ditut dagoeneko Zestorenekua kanalera. Lan asko eskatu dit horrek, baina gustura nago egindakoarekin", aitortu du.

Aurrera begira txistua nola ikusten duen galdetuta, azpeitiarrak azaldu du berak oraindik "gerra pixka bat ematen jarraitzeko asmoa" duela, eta gaineratu du bere ustez txistua ez dela inoiz galduko: "Ez nuke horrelakorik gertatzea nahi, behintzat, txistuak pisua eduki baitu aspalditik gure kulturan".