'Bazen behin' antzezlana izango da ikusgai igandean

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 26a, 13:30

Zirkua eta magia uztartzen ditu Tiritirantes konpainiak familia osoarentzat eskainiko duen antzezlanean.

Burgosko Tiritirantes Circo Teatro konpainiak Bazen behin antzezlana taularatuko du igandean, 16:45ean hasita, Modelo aretoan. Berez, aurtengo Kalerki jaialdiaren barruan eskaintzekoa zen, baina taldekideen gorabehera batzuk tarteko, ezin izan zuten bertaratu. Orain, hilabete batzuk geroago, herrian izango dira familia guztiarentzako emanaldi batekin.

Zirkuko istorio ero bat da, narratzaile batek off ahotsean kontatutako ipuin modernoa. Historiako erresuma aspergarriena da Pretiniako Erresuma, eta bertako zorigaitzak kontatzen dira Bazen behin antzezlanean. Zirkua, magia, zuzeneko musika eta sorpresak uztartzen dituen proposamena dakar Tiritirantesek.

Emanaldirako sarrerak 4 euro balio du, eta Modeloko txarteldegian eros daiteke edo Kutxabank-eko atari digitalean. Bestalde, Zarauzko Udaleko Kultura sailaren eskutik, Zarauzko Hitzak hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu.