'Los asesinos de la luna' eta 'Me he hecho viral' filmak emango dituzte datozen egunetan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 28a, 09:15

Gaur hasi eta asteazkenera arte egunero izango da zinema eskaintzarik Modelo aretoan. Gainera, haurrei zuzendutako La Patrulla Canina: La superpelícula emango dute berriro.

Zinema eskaintza zabala izango da gaurtik asteazkena bitartean Modelo aretoan, hiru film emango baitituzte Santu Guztien Eguneko jai eguna baliatuta: Los asesinos de la luna, Me he hecho viral eta La Patrulla Canina: La superpelícula.

Lehenengoa, Martin Scorsese zinegile ezagunaren azken filma da eta pantaila handian ikusgai izango diren aktoreen artean ere aurpegi aski ezagunak daude: Leonardo DiCaprio eta Robert De Niro, besteak beste. Hain justu, Los asesinos de la luna filma ikusteko izango da aukera gehien; izan ere, egunero emango dute. Asteartean, gainera, jatorrizko bertsioan eskainiko dute. Ia hiru ordu eta erdiko iraupena du Scorsesseren ikus-entzunezkoak eta kontatuko du XX. mendearen hasieran, Estatu Batuetako Osage Nazioan aurkitu zituzten petrolio iturriek zer nolako eragina izan zuten bertan bizi ziren herritar indigenengan.

Me he hecho viral, bestalde, Jorge Coirak zuzendutako filma da eta Blanca Suarez du protagonista. Suarezek Mabel gorpuztuko du, hegazkin bidaia batean senarrak adarrak jarri dizkiola jakingo duena. Senarrari kargu hartzen dionean iskanbila sortuko da hegazkinean eta gainerako bidaiariek grabatu egingo dute, bideoa bolo-bolo zabalduko da eta Mabelek nahi ez zuen ospea hartuko du.

La Patrulla Canina: La superpelícula, azkenik, haurrei zuzenduriko filma da eta joan den asteburuan ere eman zuten. Superbotereak lortu dituzten Txakur Patruilako txakurkumeak izango dira filmeko protagonistak.

Urriak 28, larunbata
16:45 La Patrulla Canina: La superpelícula
19:15 Me he hecho viral
21:30 Los asesinos de la luna

Urriak 29, igandea
19:15 Los asesinos de la luna

Urriak 30, astelehena (ikusleen eguna)
17:00 Los asesinos de la luna
21:00 Me he hecho viral

Urriak 31, asteartea
19:30 Me he hecho viral
21:30 Los asesinos de la luna (VOSE)

Azaroak 1, asteazkena
16:45 La Patrulla Canina: La superpelícula
19:00 Me he hecho viral
21:00 Los asesinos de la luna