Carmen Urkia: "Urkiaren esentziari eutsi nahi diogu hemendik aurrera ere"

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 31a, 10:00

Kanpotik paperdenda soil baten itxura badu ere, hori baino askoz ere gehiago da Urkia denda. 90 urte baino gehiago ditu negozioak, eta aldaketak izango ditu aurrera begira. 

Aski ezaguna da Urkia denda, baita bertan orain arte aurkitu ahal izan diren bertako eta nazioarteko egunkari nahiz aldizkari entzutetsuenak ere. Baina hori aldatu egingo da bihartik aurrera. Izan ere, 91 urte horretan aritu ostean, gaur prentsa saltzeari utziko dio saltokiak. Aurrerantzean, dendan aldaketak egingo dituztela azaldu du Carmen Urkiak, hango arduradunetako batek.

91 urte eta gero, Urkia dendak aldaketak izango ditu. Zer da zehatz mehatz aldatuko dena?

Familia guztiak hemen lan egiten zuenean, denda guztia betetzen genuen. Hala eta guztiz ere, orain lantalde txikiagoa dugu, hiru pertsonak osatua: nire ahizpa Elenak, Anak eta nik. Anak erretiroa hartuko du urte amaieran, hemen lanean 41 urtez jardun eta gero. Horregatik, prentsa eta aldizkariak saltzeari utziko diogu gaurtik aurrera, urria amaitzen dela aprobetxatuta. Abendura arte, berriz, dendako zati bat likidatuko dugu: garaikurrak, liburuak, paperdendako produktuak, figura txikiak… Hurrengo urte hasiera erreforma egiteko aprobetxatuko dugu, denda erdiarekin bakarrik geldituko gara, eta bertan bitxiak eta osagarriak bakarrik salduko ditugu. Urkiaren esentzia mantentzen saiatuko gara, betikoa izango da, baina beste tamaina batean.

91 urte azkar esaten da, baina denbora horretan aldaketa ugari izan ditu Urkiak. Zein izan da negozioaren bilakaera?

Urkia negozioa nire aitona-amonek ireki zuten; aitona Hilario eta amona Paulak, hain zuzen. 1931. urtean Merkatu Plazan hasi ziren fruta saltzen, postu txiki batean. Nire aita eta osabak, gosez fruta guztia jan eta hortik negoziorik egin ezin zitekeela ohartuta, Kale Nagusiko beste lokal batera mugitu ziren, eta bertan hasi ziren bertako nahiz nazioarteko prentsa gehiago saltzen. Liburuak, aldizkariak, oparitxoak… ekartzen hasi ziren pixkanaka, eta azken urteetan bitxiak ere hasi ziren saltzen. 1981. urtean itxi zen denda hura, eta orduan erosi zuten orain dugun hau. Kontuak aterata, 42 urte daramatzagu lokal honetan.

Aitona-amonek hasitako negozioaren batuta zuek hartu zenuten gero. Noiz izan zen hori?

Gure osaba-izebak hemen egon ziren berandura arte, eta beti laguntzen ziguten dendan. Osaba Pako, adibidez, hemen egon zen azken momentura arte. Dena den, guk orain dela hamabost urte inguru hartu genuen negozioaren ardura.

Zuen dendaren sarreran beti egon izan dira bertako egunkari pila bat, baita nazioartekoak ere. Eskariz jasotzen al zenituzten horiek?

Garai batean, duela urte asko, nazioarteko egunkari asko edukitzen genituen (frantziarrak, italiarrak, alemaniarrak…), denak Donostiara iristen zirelako eta guri banaketa enpresak ekartzen zizkigulako. Egia esan behar badut, pila bat saltzen ziren bere garaian, batez ere udan, turismoagatik, baina gero aldatuz joan da kontua.
Hemen bezalaxe, jada jende gazteak ez du paperean egunkaririk irakurtzen, eta horregatik oso gutxi iristen dira. Inguruko egunkariekin ere gauza bera gertatzen da. Gainera, gaur egun prentsa edozein lekutan topa dezakezu, eta lehen denda jakin batzuetan bakarrik saltzen zen.

Hainbeste urtetan, ba al dago nabarmenduko zenukeen bizipenik?

Asko, ia guztiak onak. Herrian jende askok ezagutzen gaitu, eta ederra da gu ere estimatzen gaituztela ikustea. Dena den, bada bereziki eragin zigun pasadizo bat bat. Denda zaharrean geundenean, 1979. urtean, lapurrak sartu ziren eta bitxi guztiak eraman zituzten, garai hartako hogei milioi pezeta, zehatzago esateko. Nire osaba-izebak ezer gabe geratu ziren, baina elkartu egin ziren berriro, eta indar handiagoarekin ekin zioten negozioari zerotik. Orduan erabaki zuten lokal berrira joatea, beste lokala oso-oso zaharra zelako eta garai berri bat hasi nahi zutelako beste leku batean.

Eta orain, beste etapa bat zuentzat. Nolakoa da orain arteko urteen balorazioa?

Oso-oso ona. Azken finean, gure familiak lan asko egin du, eta ikusi dut zerbait ezin daitekeela aurrera atera esfortzurik ez bada egiten. Elkar babestu eta lagundu behar da aurrera jarraitzeko. Gainera, beti izan dugu herriaren babesa, baita kanpotik datozenena ere. Dena den, guretzat garrantzitsuenak zarauztarrak eta inguruko herrietakoak dira –Azpeitiko jendea, Zumaiakoa, Getariakoa, Oriokoa–, urtea luzea delako, eta horiek gabe ezingo ginatekeelako bizi. Beti egoten dira bizitzan ilusio momentuak, eta gu orain ere horrelaxe gaude. Izan ere, urte asko igaro ditugu lokal handi honetan lanean, eta orain txikiagoa izateak eta gure gustura jarriko dugula jakiteak ilusioa pizten digu. Honaino iritsi gara, eta lanean jarraitzeko asmoz eta gogoz gaude, jubilatzeko oraindik urte batzuk geratzen zaizkigu eta. Horregatik, herritarrak gonbidatu nahi ditugu gurera etortzen jarraitzera. 

Urkiatarrak, ‘Garro’ ezizenez ere ezagunak

Gazteenek urkiatarrak bezala ezagutzen badituzte ere, familia berak badu beste ezizen bat: garrotarrak. Carmen Urkiak azaldutakoaren arabera, aitona Hilarioren gurasoetatik dator gaitzizen hori.

Aitonaren gurasoak Usurbildik etorri ziren Zarautzera bizitzera, hain zuzen, Getaria eta Zarautz bitartean dagoen baserri batera, eta izen hori zeukan baserriak.

Gaur egun ia inork ez die deitzen horrela, baina Urkia saiatu da hori atzean ez uzten. Horregatik, bere txakurrari baserriaren izena jarri zion, "omenaldia egiteko asmoz".