Gau Beltzak giro berezia utzi du kaleetan

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 1a, 11:00

Kalejira eta ekitaldi ikusgarria eskaini dute beste behin Jalgik eta Alprojak, eta herritar ugari batu zen egitasmora, bai kalez kale bai Lege Zaharren enparantzan.

Hildakoek eta bizidunek elkarrekin igarotzeko gaua izan zen atzokoa, eta beste urte batez, Jalgi dantza taldeak eta Alproja antzerki taldeak ekitaldi ikusgarria eskaini zuten, herriko beste zenbait kultur talderekin batera, Gau Beltza ospatzeko. Ikusgarria eta, hein batean, beldurgarria ere bai. Alprojako kideak askotariko arima galduz mozorroturik atera ziren kalera, sarde, aitzur, soka eta antortxekin, eta aldian-aldian sustoak ematen zizkieten herritarrei. Jalgiko dantzariak, berriz, aurpegia beltzez estalita eta ezpatak eskuetan, multzoan zihoazen aurrera dantzan, eta tarteka, dantzarietako bat gorantz igotzen zuten.

Izu-ikararen kalejira edo ibilbide 19:00etan hasi zen, Imanol Urbieta Musika Eskolatik, eta Lege Zaharren enparantzan amaitu zen, ondoren ekitaldi nagusiari bide emateko. Bidean, esaterako, geldialdia egin zuten Torre Luzean eta Musika Plazan. Kale Nagusian, mozorrotuta ez zegoen gazte bat hartu zuten arimek eta Torre Luzera igo zuten; bertan, dorretik botako zutela imintzio egin, eta panpin bat urkatu zuten. Musika Plazan, berriz, Montetxio korua gehitu zitzaien, eta besteak beste, Imanol Urbietaren Kalaberak abestia kantatu eta dantzatu zuten.

Lege Zaharren enparantzan jada, ZarautzTrik elkarteko kideek jarri zioten doinua eta jarraian, Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko bi kide aritu ziren bertsotan. Alproja taldeko arima galduek Gau Beltzaren jatorria eta garrantzia aldarrikatu zuten, Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri ozen oihukatuz, eta publikotik herritar bat atera zuten plazara erakusteko nola mozorrotu behar den gau berezi horretan. Ekitaldia borobiltzekoa, Jalgik dantza erakustaldi ederra eskaini zuen, bertaratu ziren jende guztien gozagarri.